BIHAR BERRIA-N

Poliziaren txostenek diote DRILek hil zuela Begoña Urroz umea

Poliziak 1961ean auziaz eginiko txostena desklasifikatu du Espainiako Artxibo Historiko Nazionalak, eta agiri hori eskuratu du Xavier Montanya kazetariak. Hilketa ETAri leporatzen dion tesia heldulekurik gabe uzten dute agiriek.

2013ko maiatzaren 4a
22:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetan ETAri egotzi izan diote Begoña Urroz hemezortzi hilabeteko haurraren heriotza eragin zuen atentatua, baina tesi hori heldulekurik gabe uzten du Espainiako Poliziak 1961ean auziaz egin zuen txostenak. Espainiako Artxibo Historiko Nazionalak orain desklasifikatu ditu agiri horiek, eta Xavier Montanya kazetariak eskuratu ditu.

Poliziaren txosten horren arabera, DRIL taldeak jarri zuen lehergailu bat Amarako geltokian, eta horrek eztanda egitean hil zen Urroz. DRILeko terroristak izenburupean, Amarako atentatuaren eta ondoren eginiko atxiloketen xehetasunak azaltzen ditu Poliziak agirian. «Lehenbiziko aldiz, dakigula behintzat, Espainiako agiri ofizial batek argi eta garbi egozten dio DRILi leherketa horien erantzukizuna», esan dio BERRIAri Montanyak.

BERRIAk eta Vilaweb atari katalanak bihar argitaratuko dituzte lehenbizikoz agiri horiek.

Orain argitaratutako agiriez gain, atentatu kate hura DRILi egozteko nahikoa informazio badagoela uste du Montanyak, bai berak eta baita beste historialari eta kazetari batzuek ere hala idatzi izan dutela eta. Ainhoa Oiartzabal kazetariak 2011ko otsailaren 20an argitaratu zuen aferaren inguruko erreportajea BERRIAko Igandea gehigarrian.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA