EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek elkarretaratze bat egin du gaur eguerdian, Baionan, Frantziako Poliziaren jarrera «euskarafoboa» salatzeko eta jarrera horrek dakarren bortxa irmo deitoratzeko. Lizeoetako ikasleek berriki egin dituzten protestetan izandako bortizkeria kasu bat salatu dute, hain justu. EHEko kide Gorka Roca Torrek gogora ekarri du zer gertatu zen: «Duela hilabete bat ikasleek abiatutako mobilizazioetan, 15 urteko ikasle bat bortizki kolpatu zuen Poliziak, agenteei euskaraz mintzatzeagatik; modu itsusian kolpatu zuten, lurrean kolpeak emanez, gasa botaz aurpegira. Konortea galdu zuen, eta ospitaleratua izan zen».
Gaurko protesta Baionako polizia etxearen parean egin nahi zuen EHEk, han bertan eraso hori salatzeko eta, bide batez, gazteak erasoaren harira jarri duen salaketaren gaineko informazioa eskuratzeko. Roca Torrek azaldu duenez, ordea, poliziek esan diete ez dutela protesta han egiterik. EHEko kideek deialdia han egitearen «zilegitasuna» defendatu dute, hala ere, eta keinu horren bidez zer lortu nahi duten ere azaldu dute: «Salaketa ahal bezain fite aztertua izatea eta poliziak erruduntzat jotzea».
Adingabeak jarritako salaketaren gaineko informaziorik ezin dietela eman esan diete poliziek EHEko kideei; azaldu diete salaketa jarri duen adingabearen familiak bakarrik duela informazio hori eskatzeko eskubidea. Baina haiek ere arazoak izan dituzte; gaztearen gurasoak protestan izan dira, baina poliziek esan diete gaur ezin dietela eman inolako argibiderik, eta beste egun baterako hitzordua hartzeko. Kazetarien aurrean adierazpenak egin ditu gaztearen amak, poliziek zer esan dieten kontatu du, eta biziki eskertu du gaurko protestara joan direnen keinua.
Roca Torrek azaldu duenez, ez dute halako eraso gehiagoren berri izan ikasleek egin dituzten protesta hauen harira. Hala ere, aski «adierazgarria» eta larria iruditzen zaie kasu hau, eta, haien ustez, argi erakusten du poliziek «zigorgabetasuna» sentitzen dutela halakoak egitean. Horiek horrela, polizien artean «jarrera euskarafoboa» zabaldu dela salatu dute.