Poloniak beste hiru hilabete luzatu dio espetxealdia Pablo Gonzalezi

Otsailaren 28an bi urte beteko ditu espetxean, eta oraindik ez diote epaiketarik egin.

Pablo Gonzalezen aldeko aldarria
Pablo Gonzalezen alde iazko maiatzean Gernikan egindako elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
joxerra senar
2024ko otsailaren 16a
09:15
Entzun

2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek, eta ordutik zortzi aldiz luzatu diote behin-behineko espetxealdia. Azken aldiz, atzo. Beste hiru hilabete egingo ditu espetxean, epaitua izan gabe. Espioitzan aritzea leporatzen diote, baina haren aurkako froga argirik ez dute aurkeztu.

Gonzalezhainbat komunikabidetako kolaboratzailea zen, eta horietako batek jakinarazi du berria, Público-k. Haren kasua aztertzen ari den auzitegiak, Lublingo Apelazio Auzitegiak, erabaki du beste hiru hilabete luzatzea espetxealdia. Aurrekoa azaroan izan zen.

Ukrainako mugatik gertu atxilotu zuten Gonzalez, Przemysl hirian, hasi berria zen gerrak eragindako migrazio krisiaren berri ematen ari zela. Poloniako justizia sistemak Errusiarentzat espioitzan aritzea leporatu zion, eta akusazio hori egin zion Stanisław Żaryn Poloniako Zerbitzu Berezietako ministroak: «Kazetari zela baliaturik, espioitza jarduerak egin ditu Errusiarentzat».

Ia bi urteotan, baina, Gonzalezen aurkako frogarik ez dute aurkeztu. Epaiketa ez da hasi ere egin. Polonian, legediak ezartzen du gehienez bi urtekoa izan behar duela behin-behineko espetxealdiak, baina hori ez betetzeko salbuespenak gehitzen ditu. Salbuespen horiek erabiliko dituzte Pablo Gonzalezen kasuan.

Kazetariaren aldeko babes taldeak iaz salatu zuen oso baldintza gogorretan dutela preso, Radom segurtasun handiko espetxean. Besteak beste, «23 orduz inkomunikatua» izan dute bost metro koadroko ziega batean, «kanpoko argirik gabe» eta ordubetez patio txiki batean izateko aukera mugatuarekin. Familiarekin telefonoz hitz egiteko aukera ukatu zaio. Babes taldearen arabera, Poloniako Gobernua «tortura psikologikoa» ezartzen ari zaio kazetariari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.