Varsoviak abisua eman zuen duela urtebete: Pablo Gonzalezen aurkako ikerketa aurrera doa, nahiz eta gaur egun Errusian bizi den. Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen iazko abuztuan; euskal herritar horrek bi urte baino gehiago egin zituen preso han, 2022ko otsailean atxilotu baitzuten Poloniako zerbitzu sekretuek, espioitza egotzita. Duela urtebete, AEBek eta Errusiak egindako preso trukaketa batean askatu zuten Gonzalez, eta, ordutik Errusian bizi da. Baina, haren aurkako prozesu judizialak aurrera jarraitzen du, auzia daraman epaileak orain jakinarazi duenez: urrirako edo azarorako epaitu nahi dute. Baina epaiketa hori in absentia egingo lukete, akusatuaren presentziarik gabe.
Poloniako Rzeczpospolita egunkariak kaleratu du albistea. Anna Ptaszek epaileak, Varsoviako Auzitegiko bozeramaileak, jakinarazi du joan den uztailaren 11n auzitegiak agindu zuela Pablo Gonzalezen aurkako «ekinbide judiziala berrabiaraztea». Gonzalezek aurtengo martxoan salatu du orain urtebeteko preso trukaketan aske geratu ziren pertsona guztien artean berak bakarrik jarraitzen duela akusatu gisa. Gogoratu zuen AEBetako presidente ohi Joe Bidenek amnistiak sinatu zituela AEBetako espetxeetatik libre atera zirenentzat, eta Europako beste zenbait herrialdek ere gauza bera egin zutela, beste formula batzuen bidez.
«Auzibide zonbia»
Errusiak berak ere bide bera egin zuen duela urtebete libre utzi zituen akusatuekin. Hala, Gonzalezen arabera, Poloniak bere aurka zabalik duen prozesua «auzibide zonbia» da. Salatu du bera «urrun» egon dadin «ahal duen guztia» egiten duela Varsoviak. Preso egon bitartean pairatutako egoera gogorra salatu zuen martxoan idatzitako artikulu batean. «Urrun atxiki nahi naute, haien jokamoldea ongi ezagutzen dudalako eta ahots kritikoa dudalako».
Aske geratu eta gero, Gonzalezek RT Errusiako telebistari elkarrizketa eman zion: «susmoak baizik» ez dizkiote egotzi, haren hitzetan. Kartzelan hogei kilo argaldu zela azaldu zuen, eta salatu zuen «torturak» eta bestelako «presioak» egin zizkiotela espetxealdi luze horretako lehen bederatzi hilabeteetan.
Batera edo bestera, Ptaszek epaileak adierazi du ezin duela jakinarazi zergatik berrabiarazi duten Gonzalezen aurkako auzibidea, informazio hori «klasifikatua» baita, baina ziurtatu du Varsoviako Auzitegiak hasi dituela prozedurak, auzia epaiketara irits dadin. Poloniako inteligentzia zerbitzuek eta Lehen Ministroaren Katzileriak zenbait agiri igorri dizkiote epaileari, eta horren ostean berrabiarazi dute Gonzalezen aurkako prozesua.