Porno Eskola itxi dute, talde erlijiosoen salaketen beldur

Gasteizen duela ia bi hilabete abiatutako webgunea bertan behera utzi dute, «amorru handiz». Udalaren babesa zuen egitasmoak

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Porno Eskola hasi berria zen arren, joan den asteazkenean koordinatzaileek webgunea ixtea erabaki zuten, guraso talde kristauek egindako presioen ondorioz. Salaketarekin mehatxuaren aurrean hartu zuten erabakia, Iratxe Gil Porno Eskolako arduradunak Hala Bedi irratian adierazi duenez: «Amorru handiarekin bada ere, ixtera behartuta gaude».

Harro agertu dira egindako lanarekin: «Hezkuntza sexuala lehen lerroan jartzea lortu dugu». Halere, haserrea ez dute ezkutatu: «Zoritxarrez, erlijioak egun oso indar handia du oraindik. Haserre gaude. Nahiz eta jakin arrazoia gurea dela, irabazi egin dute». Besteak beste, Arabako Itunpeko Ikastetxeetako Ikasleen Guraso Elkarteen Federazioak eskatu du webgunea ixteko; eskola erlijiosoetako gurasoak dira.

Hain justu, Interneten dago talde katoliko batek Iratxe Gili eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateari bidalitako mezu elektroniko anonimo bat. Bertan zehazten dute pornografia adingabeei erakustea delitu bat izan daitekeela, eta «moralki ezegokia» dela: «Pornografia hutsegite larria da eta, ondorioz, atzera egiten ez baduzue, infernuratze amaigabera bideratuta zaudete». Era berean, «Jesusen hitzak» gogoratuz, «haurrak galbidera eramatea» leporatzen diete, eta «Jainkoaren zigorrekin» mehatxatzen dituzte.

Gilek azpimarratu du adingabeei ez dietela eduki pornografikorik erakutsi. Haren hitzetan, Porno Eskola gida didaktiko bat zen, ariketa praktikoen bidez nerabeen heziketa sexuala ikuspuntu feminista batetik osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.