Neurri bereziekin jarraitu beharra argi dago. Datuek tentuz jokatzeko aholkatzen dute. Aintzat hartzekoa da positiboen kopuruak asteburuan behera egin ondoren bi egunetan jarraian gora egitea. Gaurko datuen arabera, beste 500 positibo atzeman dituzte azken orduetan (atzo baino 190 gehiago). Araban, 120; Bizkaian, 118; Gipuzkoan, 53; eta Nafarroan, 209. Positibo guztietatik 73 PCR proben bidez izan dira (bezperan baino 42 gehiago).
Hildakoen kopuruari dagokionez, beste hamasei pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin lotuta. Guztira, 1.850 heriotza zenbatu dira ofizialki. Ospitaleratuen kopuruak behera egin du, alta berriei esker. 740 pertsona daude ospitaleratuta Hego Euskal Herrian (41 gutxiago). ZIUetan dauden gaixoen kopurua ere apaldu da: 116 lagun daude ZIUetan (sei gutxiago). Aldiz, ospitaleratze berrien kopuruak gora egin du. Beste 55 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan (bezperan baino 33 gehiago).
Frantziako Senatuak larrialdi egoera uztailaren 10era arte luzatzea onartu du. Dena den, Frantziako Asanbleak edukiko du azken erabakia. Astea amaitu baino lehen bozkatzea espero da. Espainiako Kongresuak maiatzaren 23ra arte luzatu du alarma egoera, Espainiako Gobernuak baldintzak Ciudadanos eta EAJrekin adostu ondoren.
EAEko Mahai Sozioekonomikoa bildu da gaur. Han izan dira Urkullu lehendakaria, zenbait sailburu, foru aldundietako ordezkariak, sindikatuetakoak, patronaletakoak, merkataritza ganbarekoak eta Mondragon Taldekoak, besteak beste. Urkulluk eragileen arteko "batasuna" eta erakundeetako "egonkortasuna" aldarrikatu ditu. Sindikatuek oso balorazio kritikoa egin dute bileraz.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka
EKONOMIA: Shock ekonomikoaren zenbakiak
Agian honek ere merezi du
Otoitza. Hamaika modu daude koronabirusak ekarritako egoerara hurbiltzeko. Literaturaren eta antzerkiaren bidez ere posible da. Halaxe egin du Mikel Martinez aktoreak Patxo Telleriaren testu distopiko batekin, birusaren aldean jarrita. Otoitza antzezpena BERRIA Aretoan eskaini du Mikel Martinezek.
Geografia. Koronabirusarekin lotutako krisi ekonomikoak, Europan, hegoaldeko herrialdeetan izango du eraginik handiena. Europako Batzordearen arabera, euroguneko ekonomia %7,7 txikituko da aurten, baina turismo handia duten lurraldeek beherakada handiagoa izango dute, gehienetik %9tik gorakoa.