Agintarien erabakien eremuan normaltasuna berreskuratzea erdigunean dagoela, positiboen bilakaera aztertzeko datuek garrantzi handia dute, parametro bakarra ez bada ere, Miren Basaras Mikrobiologiako irakasleak 'Normaltasun berrirako trantsizioa' artikuluan azaldu duenez. Batetik, birsorkuntza tasa edo pertsona bakoitzak duen kutsatzeko ahalmena batekoa baino baxuagoa izatea funtsezkoa da, modu jarraian, gutxienez bi astean. Bestetik, intzidentzia-tasa ehun mila biztanleko bi kasu positibo baino baxuagoa izan beharko litzateke (gehienez 52 kasu EAEn, eta 13 Nafarroan). Lehenengo parametroa betetze bidean dago, bigarrena ez da betetzen.
Horregatik, kezkatzekoa da positiboen kopuruak altu jarraitzea. Gaurko datuen arabera, beste 612 positibo atzeman dituzte (bezperan, baino 21 gehiago). Araban, 97; Bizkaian, 215; Gipuzkoan, 44; eta Nafarroan, 256. Atzo bezala, positibo kopuru altuena Nafarroak dauka: PRC bidez 21, eta test azkarren bidez 235 (hauetatik gehienak, 178, sintomatikoak). EAEren kasuean igo da PCR positiboen kopurua, 55tik 82ra.
Hildakoen kopuruari dagokionez, beste 25 heriotza zenbatu dira azken orduetan. Atzoko kopurua (35) baino txikiagoa da, baina atzo Nafarroak zenbatu gabe zeuden beste egun batzuetako 16 hildako gehitu zituen. Ospitaleratuen kopuruak beherako joera hartu du berriro. 845 pertsona daude ospitaleratuta (bezperan baino 43 gutxiago). ZIUn 137 (hamar gutxiago). Dena den, ospitaleratuen kopuruak behera egiteak ez du esan nahi ez dagoela ingreso berririk. Nafarroan, adibidez, 14 ospitaleratze berri izan dira azken 24 orduetan, eta 58 azken zazpi egunetan.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak deituta, alderdien mahaia bildu da gaur goizean Lehendakaritzan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitzeko proposamena azaldu du Urkullu lehendakariak, hainbat txosten alderdien esku utzita. Bi aukera aurkeztu ditu, bata uztailean egitea, eta bestea irailean edo urrian, eta lehengoaren alde egin du. EAJk izan ezik, gainerako alderdiek ez dute babestu proposamena. Alderdiak maiatzaren 14an bilduko dira berriro hauteskundeak noiz egin zehazteko.
Azkenik, Espainiako Gobernuak ordutegiak zehaztu ditu etxetik kanpoko jarduerak egiteko. Goizean goiz edo iluntzean atera ahal izango da kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko. Zehazki, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara. 5.000 biztanletik beherako herrietan, ordea, ez dago ordutegirik bete beharrik.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka
ZUZENEKOA: Eguneko jarraipena
Agian honek ere merezi du
Datu bila. Osasun krisia abiatu zenetik Euskal Herri osoko datuak eskaintzea izan da BERRIAren helburua, baina oztopo handi batekin egin du topo: Frantziako erakundeek ez dute eman nahi departamendutik beherako daturik. Hala ere, saiatu egin da. Ekhi Erremundegi kazetariak azaldu du nola aritu den BERRIA ate joka, datu ofizialen bila, nolako zailtasun eta oztopoak aurkitu dituen.
Bertso plaza. Salbuespen egoeran, irudimena eta ez ohiko neurriak. Ohiko bertso plaza berreskuratu bitartean, bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien "egoera zaurgarria" leuntzeko 45.000 euro erabiliko ditu Bertsozaleen Elkarteak, hainbat egitasmo martxan jartzeko. Horien artean, Bertsozale Elkarteak hainbat saio egingo ditu 'online'. Lehenbizikoa larunbat honetan izango da.