Positiboen kopuruak berriz ere milakoa gainditu du Hego Euskal Herrian

Emandako datuen arabera, azken orduetan 1.027 positibo erregistratu dituzte Hego Euskal Herrian. Bidarteko zahar etxe batean bi kasu positibo atzeman dituzte, eta Gasteizko Ertzaintzaren polizia etxean, hamahiru.  

Herritar batzuk hondartzan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko abuztuaren 29a
12:54
Entzun

Hego Euskal Herrian 1.027 positibo atzeman dira azken orduetan, atzo -931 izan ziren- baino 96 gehiago: Araban 112, Bizkaian 539, Gipuzkoan 210 eta Nafarroan 161. Beste bost kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira. Guztira, 12.035 PCR proba egin zituzten. Hain zuzen, abuztuaren 27an erregistratutako datu berbera da gaurkoa, martxoaz geroztik kopururik handiena.

Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera, ospitaleen egoerari dagokionez, beste 44 pertsona ospitaleratu dituzte, eta zaintza berezien unitatean 32 pertsona daude. Nafarroako Gobernuak ere datuak eman ditu, eta, jakinarazi duenez, Nafarroan beste bederatzi ospitaleratu dituzte, eta orotara zortzi pertsona daude zainketa intentsiboetako unitatean. Beraz, guztira, Hegoaldean berrogei dira ZIUetan dauden pertsonak. Are, Nafarroako Gobernuak adierazi du azken orduetan ez dela birusaren ondorioz inor hil. Jaurlaritzak, aldiz, ez du hildakoen informaziorik eskaini. Herriz herriko datuak eta R0 indizearen berri astelehenean emango du.

Positibo kopuru handienak non dauden ere azaldu du Nafarroako Gobernuak. Hain zuzen, Iruñean eta Iruñerrian positiboen %44 daudee; Tuteran, %28, eta Lizarra aldean, %13. Gainera, Tuterako Uvesa enpresa behin-behinean itxi behar izan zuten, lantaldearen %28k positibo eman zuelako. Adin tarteari dagokionez, kutsatuen bataz besteko adina 38,6 urtekoa da Nafarroan, eta, batez ere 15 eta 29 urte artekoak ari dira kutsatzen; laurden bat baino bi puntu gehiago, zehazki. Ondoren, 45 eta 59 urte arteko pertsonen artean identifikatzen dira positibo gehienak. Kasu positibo gutxien, berriz, 75 urtetik gorako pertsonen artean atzematen dira.

Azken orduetan Bidarteko (Lapurdi) zahar etxe batean bi positibo ere zenbatu dituzte. Asteartean irisi ziren emaitzak, eta, geroztik, osasun protokolo zorrotza ezarri du zahar etxeak: biharamunetik ez da bisitarik. «Lehen sintomak atzeman zirenetik bakartu ziren bi pertsonak», adierazi du Bidarteko alkate Emmanuel Alzurik. Euskal Kosta Ospitalean daude bi gaixoak, Baionan. Zahar etxeko gainontzeko egoiliarrak euren geletan daude, itxita.

Ertzaintzaren polizia etxea

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Gasteizko Ertzaintzaren polizia etxean hamahiru kidek positibo eman dutela PCR proban azken hamabi egunetan, eta etxean bakartuta daudela. Horiekin kontaktu zuzena izan duten beste 32 pertsona ere berrogeialdian daude emaitzen zain. Erantsi dutenez, osasun agintariek ezarritako protokoloak «zehatz» betetzen ari dira, eta baita guneak garbitzen eta desinfektatzen ere. Are, adierazi dute osasun adituek beste neurri batzuk hartzeko beharra identifikatzen badute hala egingo dutela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.