Posta bidez bozkatu behar bada horrela egiteko eskatu du EH Bilduk

Iñaki Ruiz de Pinedok ohartarazi du «subiranotasunaren aldeko boto guztiak» beharko direla

Iñaki Ruiz de Pinedo hautagaia, EH Bilduko beste kide batzuekin batera, atzo. BERRIA.
xabier martin
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Boto bakarra ere ez du galdu nahi Euskal Herria Bilduk hautesleen oporrak direla eta. Uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako bozei begira, posta bidezko botoak «garrantzi handia» izango duela azpimarratu zuen atzo koalizio abertzaleak. Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburu Iñaki Ruiz de Pinedok gogoratu zuenez, «garrantzitsua da boto subiranista eta ezkertiar guztiak zenbatzea hauteskunde gauean», eta, horregatik, nabarmendu zuen ezin dela bidean geratu «boto bakarra ere».

Ruiz de Pinedok adierazi zuen, hain zuzen, maiatzaren 28an EH Bilduk «aurrerapauso handia» eman zuela herritarrek ezkerreko koalizio subiranistan jarritako «konfiantzari esker», eta uztailaren 23an «beste jauzi bat emateko aukera» duela EH Bilduk, «udal eta foru hauteskundeetan hasitako ziklo politikoaren aldaketa sendotzeko».

Hala, Arabako hautagaiak azaldu zuen koalizio subiranista «zenbat eta indartsuagoa izan» Madrilen «orduan eta sakonagoak» izango direla aldaketak euskal gizartean. Erantsi zuen «eskubide sozialetan aurrera egitea» ahalbidetu duela EH Bildu Madrilen egoteak azken lau urteetan.

Horiek horrela, uztaileko bozei begira, informazioguneak jarri ditu bere egoitzetan EH Bilduk, eta lau telefono ere bai, posta bidezko botoaren inguruko zalantzak argitzeko.

EAJren «marra gorria»

Maiatzaren 30etik posta bidezko botoa eskatzeko aukera dute herritarrek, eta epea uztailaren 13an amaituko da. Correosen bulegoetan egin daiteke eskaera, nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena erakutsita. Correosen webgunean eskatzeko aukera ere izango dute, nortasun agiri elektronikoarekin identifikatuta.

EAJko Gipuzkoako zerrendaburu Marinel Vaquerok, berriz, atzo esan zuen EAJk «Euskadi Madrilen kokatu» duela eta kongresukide jeltzaleek «euskal herritarren interesak erabakimenez» defendatu dituztela, «ahots propioarekin, menpekotasunik gabe eta motxilarik gabe».

Vaquerok nabarmendu zuen uztailaren 23ko bozak «ezberdinak» izango direla, eta, alde horretatik, gaineratu zuen herritarrek jakin behar dutela boz horiek ez direla presidentetzarako hauteskundeak izango, «baizik eta beren ahotsa Madrilera eramango dutenak aukeratzeko». Aurreratu zuen aldagai hori behin eta berriro azpimarratuko duela EAJk bere kanpainan, «berriz ere herritarren konfiantza irabazteko».

Horrez gain, Vaquerok oso argi esan zuen bere alderdiak «marra gorri bat» duela: «Vox». «Ez dugu inboluzio demokratikorik onartuko», azaldu zuen: «Gure DNAn daramagun zerbait da hori».

Ahaldun nagusia Gipuzkoan

EAJk iragarri du Arabako Batzar Nagusietan gobernu akordioa egin duela PSE-EErekin, eta gaur bertan azalduko dituztela haren xehetasunak. Ramiro Gonzalez izendatuko dute Arabako ahaldun nagusi. Alderdi bien artean 24 batzarkideren babesa izango dute gobernatzeko, eta, beraz, beste taldeen unean uneko akordioak beharko ditu foru gobernu berriak legeak aurrera ateratzeko.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berriz, ostegunean egingo dute ahaldun nagusiaren inbestidura saioa. Han ere, EAJren eta PSEren arteko akordioak lehenaren hautagai Eider Mendozari emango dio aginte makila, itxura guztien arabera. EH Bilduko hautagai Maddalen Iriartek ere bere hautagaitza aurkeztuko du, bozak irabazi ondoren, baina PPk erabakiko du, hautagai jeltzalearen alde eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.