Correos Espainiako posta zerbitzuak jakinarazi duenez, 249.723 lagunek eman dute Espainiako hauteskundeetarako botoa posta bidez Hego Euskal Herrian. Atzo 14:00etan amaitu zen epea postetxeetan botoa uzteko. 262.132 lagunek zuten egina eskaera posta bidez bozkatu ahal izateko, eta %95,2k eman dute azkenean Hegoaldean.
Araban 29.525 boto jaso dira posta bidez; Bizkaian, 120.248; Gipuzkoan, 55.042; eta Nafarroan, 44.908. Boto horiek bozkalekuetara igorriko dituzte, hauteskunde mahaian zenbatu ditzaten. Hego Euskal Herrian posta bidez inoiz jaso den boto kopuru handiena da.
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko uztailaren 12ko deialdia da datu horretara gehien gerturatzen dena, pandemiaren gordinean eta uztailean hori ere. Baina aldea nabarmena da: 2020ko boz horietan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 125.255 lagunek eman zuten botoa posta bidez, eta ordu arteko marka ezarri zuten hiru herrialde horietan; orain, ordea, 204.815 izan dira, %61 gehiago.
Bozketa eguna uztailaren 23a izanik eta asteartea Hego Euskal Herrian jaieguna izanik, parte hartzea izango da biharko emaitzak azaltzeko gakoetako bat.