Eusko Legebiltzarrerako eta Galiziako Parlamenturako hauteskundeak dira egitekoak uztailaren 12an, eta Espainiako Hauteskunde Batzordeak agindu bat eman du urrutiko botoa errazteko.
Posta bidezko botoa errazteko moduak eskatuak zituzten Iñigo Urkulluren eta Alberto Nuñez Feijooren gobernuek; eskari horri erantzunez, botoa modu telematikoan eman ahal izatea ahalbidetuko du hauteskunde batzordeak.
Correos posta konpainiaren webgunean egin beharko da botoa era horretan emateko eskaria, eta izenpe elektroniko bat erabili beharko da horretarako, eskatzailearen identitatea kontrolatzeko —nortasun agiriaren baliokide diren sinadura elektronikoak dira horiek—.
Correoseko postariek dokumentazioa etxera eramango diete botoa era horretan eman nahi duten herritarrei, eta aztertuko dute eskatzailearen identitatea, nortasun agiria edo pareko beste dokumenturen bat eskatuz herritarrari.
Boto emaileak, agiriak betetakoan, postariari eman ahal izango dizkio, eta, trukean, botoa eman duela ziurtatzeko agiri bat jasoko du.
Hortaz, postariak izango dira boto emaile bakoitzak botoa eman duen ziurtatuko dutenak, eta haiek apuntatuko dute boto emailearen nortasun agiriaren zenbakia, bi aldiz botoa eman ez dezan.
Posta bulegoan ere bai
Hauteskunde batzordearen hitzetan, guztiz ezohiko neurri bat da gaur aurkeztu dutena, eta azaldu du pandemiaren aurrean boto emaileen segurtasuna bermatzeko legearen interpretazio zabal bat egin dutela.
Hala ere, posta bidezko botoa beti bezala emateko aukera ere izango da. Eta horretarako, eskaria Correoseko bulegoetan modu presentzialean ere egin ahal izango da. Uztailaren 2 arte eska liteke botoa posta bidez era horretan ematea, eta uztailaren 8 arteko epea utzi dute botoa emateko.
1,6 milioi euroko gastu muga
Hauteskunde kanpainari dagokionez, EAEko aldizkari ofizialean gaur argitaratu da zenbatekoa izango den alderdiek kanpainarako izango duten gastu muga. Hiru lurraldeetan aurkezten diren alderdiek gehienez 1,6 milioi euro gastatu ahal izango dituzte. Lurralde bakoitzaren herritar kopuruaren arabera zehaztu dute zenbatekoa. Gauzak horrela, 356.683 eurokoa da Araban, 716,720 eurokoa Bizkaian eta 528.579 eurokoa Gipuzkoan.