Postu bakoitzeko ia zortzi irakaslek egin dituzte hautaprobak Nafarroan

1.007 maisu-maistrak hasi dituzte azterketak Nafarroako ikastetxe publikoetan aritzeko; 132 postu daude jokoan

Erredakzioa
Iruñea
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nafarroako eskola publikoetan lanpostu finkoa lortzeko azterketak hasi zituzten atzo 1.007 pertsonak Iruñean. 132 lanpostu eskaini ditu gobernuak —52 euskarazkoak—. Hortaz, batez beste, postu bakoitzerako 7,6 hautagai daude.

Iragarri baino dezente postu gutxiago eskaini ditu azkenean Nafarroako Gobernuak: 400 aterako zituela hitzeman zuen, baina 132 izan dira azkenean. Alberto Catalan Hezkuntza kontseilari ohiak argudiatu zuen hasieran agindutako postu guztiak eskaintzea kaltegarri zitekeela irakasle nafarrentzat, inguruko herrialdeetatik hautagaiak oldean etorriko zirelakoan. Deialdiari helegitea jarri zion Espainiako Gobernuak, aurrekontuei jarritako muga gainditzen zuelakoan. Atzera egin zuen gero. Sindikatuek salatu dute gutxiegi direla postuak.

Probetarako izena 1.447 pertsonak eman zuten, baina herenegungo aurkezpenera 1.007 agertu ziren. Azterketa egiteko derrigorrezkoa zen ostiraleko saiora joatea. Euskarazko postuetara 295 lagun aurkeztu dira —52 postu daude jokoan—; eta gaztelaniazkoetara, 712 —80 postu dituzte lehian—. Idatzizko proba egin zuten atzo; ondoren ahoz aurkeztu beharko dituzte taxututako programa eta unitate didaktikoak. Gainditzen dutenei kontuan hartuko dizkiete merituak. Oposizioko notaren eta merituen arabera banatuko dituzte lanpostuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.