Tortura. Estrasburgoko Auzitegiaren epaia

Pozik daude epaiarekin

Ebazpenaren berri izan ostean, agerraldietan nabarmendu dute ez dela torturatzen den lehenengo aldia

Erredakzioa
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herrian erreakzio ugari egon dira Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi ostean Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohiak Espainiari jarritako salaketaz. Gehienek «poza» azaldu dute erabakiaren berri jakin dutenean, baina gogorarazi nahi izan dute ez dela Euskal Herrian torturatzen den lehenengo aldia.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak azaldu du auzitegiak «bere lana» bete duela eta ontzat jo du «auzitegiek eskubide guztiak bermatzea». Gogorarazi du Espainia lehenago ere zigortu izan dutela, eta torturak ikertu egin behar direla azaldu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek ere poza azaldu du epaia jakitean, eta tortura salaketak ez ikertzea «oso ohikoa» dela salatu du. Espainiak tortura salaketa guztiak ikertu beharko lituzkeela adierazi du.

Torturen Aurkako Taldeko eledun Lorea Bilbaok hau azaldu du: «Orain arteko epaietan, epaitegiak esan du torturak ez zirela behar bezainbeste ikertu; orain, ez dituztela baliabideak jarri ikertzeko. Gehiago da».

Julen Arzuaga Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren sortzaileak adierazi du «lausoago zegoen argazki bat argitzen» ari dela. «Epaiak erakutsi du justiziarik ez dela izan, beste alde batera begiratu dela eta tortura babestu dela». Otamendi zoriondu du, «erakutsitako adoreagatik».

Juanjo Martinez Leunda abokatu eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohiak esan du posible zen modu bakarrean amaitu dela epaia, eta espero du torturaren gaian «iratzartze bat» gertatzeko balioko duela.

Jon Mirena Landa EHUko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohiak nabarmendu du Espainiak «torturaren debekua urratu» duela. Izan ere, Landaren esanetan epaiak adierazten du ezin duela ziurtatu torturak egon zirela, salaketa horiek ez direlako ikertu ere egin.

Ezker abertzalearen izenean, Pernando Barrenak salatu dutortura ez dela momentu jakin bati lotutako gertakaria, baizik eta «helburu politikoekin, sistematikoki» egindako praktika izan dela.

Aralarrek ere poza azaldu du ebazpena dela-eta, eta Parot doktrinaren epaiaren ondoren gatazkaren ondorioen normalizazioan «beste urrats bat» dela nabarmendu du. Horrez gain, Espainiari eskatu dio Estrasburgoren epaia betetzeko eta aintzat hartzeko.

EAk ohartarazi du «tortura arazo estruktural bat» dela Espainian. Gaineratu du bere nahia dela ebazpen horrek gogoeta eginaraztea eta Espainian tortura desagertzea.

EAJko Espainiako Kongresuko eledun Josu Erkorekak adierazi du ebazpenak agerian utzi duela Espainiako Gobernuak ETAri aurre egiteko politikak «oinarrizko giza eskubideak» urratu dituela.

PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaile Soraya Rodriguezek errespetua agertu dio erabakiari, baina erantsi du ebazpenak ez duela auzitan jartzen zuzenbide estatua.

Amaiurreko Espainiako Kongresuko diputatu Jon Iñarrituk adierazi du Estrasburgoko epaia «bete egin behar» dela, eta azpimarratu du torturak salatu diren kasuetan ez direla ikertu eta pausoak emateko unea iritsi dela; «ETAren indarkeria amaitu da eta ezin da aldatu ez balitz bezala jokatu».

UPDko Espainiako Kongresuko diputatu Carlos Martinez Gorriaranek azaldu du tortura salaketa hau «eta beste hainbatenak» ez ikertzea tamalgarria dela. Eta gaineratu du torturatzaileak «gogor» zigortzearen alde dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.