«Ez zait gustatzen esatea PPrekin baietz baina Voxekin ezetz. PPk dagoeneko esana du Voxekin gobernatuko duela, eta ez duela konplexurik horretarako. Bloke beraren parte dira». Herri Irratian izan da gaur Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia, eta heldu diren hauteskundeez jardun da, bertzeak bertze. Ez du uste Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egiteak ustelkeria kasuak konponduko dituenik; kontrara, gauza bakarra ekarriko duela erran du: «PPren eta Voxen arteko gobernu bat».
Eta, hain justu, gobernu hori elikatzen aritzea leporatu dio Otegik EAJri. Izan ere, «orain iritzia aldatu» ei badute ere, bozak aitzineratzea eskatu dute orain arte jeltzaleek, eta idazkariak ez du ulertzen zertarako. «Zer kontatuko digute guri botere judizialaren independentziaz? Dagoeneko inork ez du sinesten independentzia judiziala dagoenik ere».
Ez hori bakarrik, Otegirentzat «estrategia bat» dago horren guztiaren gibelean, PPk eta Voxek Espainiako koalizio gobernua «erorarazi» nahi dutelako, «aukera leihoak ireki dituen hori».
Edonola ere, ustelkeriarik gabeko gobernu bat aldarrikatu du idazkari nagusiak, eta eskatu du bueltatu dezatela politika «dagokion lekura, politika egiteko lekura». Ustelkeria ez delako soilik, haren ustez, diru publikoa funts pribatuetarako ibiltzea, baizik eta «klientelismoa» edo «lagun jakin batzuk leku jakin batzuetan jartzea». Langa horretatik «oso urrun» kokatu du EH Bilduk bere burua, eta iradoki du PP eta Vox ez daudela hortik bereziki aldenduta.
Gazteen etorkizuna
Hizkuntzaren auzian jarri du arreta hurrena, eta galdera bat bota die euskaldunei: «Benetan uste duzue badaukatela euskaldunei eskaintzeko zerbait? Etengabe ari dira esaten euskarak ezin dela ofizial izan Europan». Gainera, idazkariak uste du gazteek etorkizunarekin duten itxaropena geroz eta apalagoa dela, eta horren inguruan derrigor egin behar dutela zerbait. Are, bi aukera proposatu ditu: ezkerraren aukera, edo aukera «errazena». Alegia, «onartzea arazo bat dagoela eta esatea etxebizitzaren eta eskubide sozialen arazoak konponbidea duela, edo norbait ordena jartzera etortzea eskailera sozialen ordena horretara itzultzeko».
Otegik badaki nola eman nahi dion buelta egoera honi: «Subiranotasun eta sozialismo gehiagorekin».