espainiako aurrekontuak

PPk dio EAJren babesa espero duela Espainiako aurrekontuak onartzeko

PPk eta Ciudadanosek akordioa erdietsi dute Espainiako aurrekontuen inguruan. EAJren bost diputatuen botoak erabakigarriak dira aurrekontuak onartzeko edo atzera botatzeko, baina jeltzaleek berretsi dute 155. artikulua Katalunian ezartzeari uzten ez zaion bitartean ez dutela negoziatuko euren babesa.

Rajoy eta Rivera, iazko aurrekotuak onartzeko saioan. JAVIER LIZON, EFE
jon ordonez garmendia
2018ko martxoaren 26a
14:21
Entzun

Baikor agertu da gaur goizean Pablo Casado PPko Espainiako Komunikazio idazkariordea Espainiako aurrekontuak onartzeari begira. Akordioa erdietsi dute PPk eta Ciudadanosek, eta euren botoei EAJren Kongresuko parlamentarienak gehitzea espero duela esan du: "Izan gaitezen baikor. 2017koa aurrekontuak abiapuntu on bat dira", esan du Casadok, baina ez du ezer gehiago zehaztu nahi izan negoziazioak Espainiako Gobernuari eta PPren Kongresuko talde parlamentarioari dagozkiela adieraziz. EAJk ukatu egin du negoziatzen ari direnik.

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak jakinarazi du gaur goizean akordioa dagoela PP eta alderdi horren arten. Duela hilabete batzuetatik bazuten aurreakordioa bi alderdiek, eta asteburuan modu azkarrean negoziatu dute. PPk euren eskaerak onartu dituela esan du Riverak, eta, modu horretan, Ciudadanoseko diputatuek aurrekontuen alde bozkatuko dute Espainiako Gorteetan. Bihar aurkeztuko ditu Espainiako Gobernuak 2018ko aurrekontuak. Sei hilabeterako izango dira, ekainean jarriko baitira indarrean.

Hala ere, PP eta Ciudadanosekin bakarrik ez dira aurrera aterako aurrekontuak. Izan ere, gehiengorik ez dute bi alderdi horiek Espainiako Kongresuan, eta beste bidelagun baten botoak gehitu beharko dituzte. Begirada guztiak EAJren bost botoetan daude une honetan, iaz horiei esker onartu baitzituzten. Riverak gaur bere agerraldian esan du espero duela Espainiako Gobernuak "lotuta" edukitzea jeltzaleen botoak. EAJk behin eta berriz esan du orain arte ez duela negoziatuko Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeari uzten zaion artean eta gaur berretsi egin du. Riverak, baina, presioa Espainiako Gobernuarengan jarri du: "Inori ez litzaioke bururatuko kupoitzarra eta abantaila batzuk ematea [Kupoaren gaineko iazko akordioa] boto horiek lotuta eduki gabe".

Iñigo Iturrate EAJko Eusko Legebiltzarreko parlamentariak, ordea, ETBn egin dioten elkarrizketan berretsi du ez dituztela aurrekontuak babestuko Katalunian 155. artikulua indarrean dagoen bitartean. Gaineratu du Espainiak bizi duen krisi instituzionalean aurrekontuen onespena "txikikeria bat" dela, eta horiek onartu aurretik badituela Espainiako Gobernuak beste lan batzuk egiteko. Aitortu du euren jarrerak beste aldarrikapen batzuk alboratzea ekarriko duela, esate baterako eman gabe dauden eskuduntzak, baina azken egunetan egoera ez dela hobetu, "okertu baizik".

PPk azken asteetan EAJrengan jarri nahi izan du aurrekontuen presioa, argudiatuta pentsioak ezingo direla igo EAJk aurrekontuak babesten ez baditu. EAJren baldintzari erreparatuta, ordea, asteburuko gertaeren ondoren Espainiako aurrekontuek inoiz baino urrutiago dute jeltzaleen babesa, eta hala adierazi du Iturratek berak gaur. Ostiraleko espetxeratze aginduek eta Puigdemonten atzoko atxiloketak gehiago nahasi dute auzia Katalunian, eta irtenbidea lehen baino urrutiago dago.

EFE albiste agentziak jakinarazi du EAJko iturriek ere ukatu egin diotela akordio bat dutela aurrekontuak onartzeko. "Riverak erakusten du oso gutxi ezagutzen duela EAJ. Ideologiarik gabeko alderdi bat dira, hitzik ez duena. Eta EAJ ideologia, printzipioak eta hitza duen alderdi bat da", esan diote iturri horiek EFE albiste agentziari. Aurrekontuak onartzeko babesa 155. artikulua ezartzea onartu zuten alderdiengan bilatzeko esan dute EAJko iturri horiek.

Aurrekontuak apirilaren 3an sartuko dira Kongresuan, eta osoko zuzenketen bozketak izango dira EAJren asmoen lehen adierazlea. Atzera bota nahi baditu nahikoa izango du osoko zuzenketak babestea. Egiten ez badu, aurrera jarraituko du aurrekontuak onartzeko bideak.

EFEren arabera, EAJko iturriek diote ezin dela alderatu aurrekontuen iazko bozketa eta aurtengoa. Iaz, PP, Ciudadanos, EAJ, Coalicion Canaria eta Nueva Canaria alderdien babesarekin onartu zituzten aurrekontuak; 176 boto batu zituzten. Negoziazioak iaz Espainiako Ministro Kontseilua bildu aurretik hasi zirela gogoratu dute, eta aurten hasi ere ez direla egin, eta iaz Mariano Rajoy Espainiako presidentearen parte hartze zuzenak desblokeatu zuela egoera negoziazio ekonomiko batekin, "ez negoziazio politikoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.