PPk Auzitegi Konstituzionalera bidali du Nafarroako Etxebizitza Legea

PPk uste du legeak segurtasun juridikoa urratzen duela eta horrek etxebizitzak ez eraikitzea dakarrela. Nafarroako Gobernuaren ustez, legearen erreformak berme juridikoa du.

Sergio Sayas, uztailean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Sergio Sayas, uztailean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
inaut matauko rada
2026ko urriaren 6a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den ekainean Etxebizitza Eskubidearen Legea erreformatu zuten Nafarroako Parlamentuan, eta gaur Nafarroako PPk adierazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera bidali duela erreforma hori, argudiatuta «nabarmen» urratzen duela «segurtasun juridikoa». Alderdiak uste du horren ondorioz ez dela etxebizitza bat bera ere eraikiko Nafarroan. Prentsaurreko batean, Nafarroako PPko presidenteak, Sergio Sayasek, adierazi du «Alderdi Sozialistaren politika interbentzionistek eta sektarioek» eragin dutela etxebizitzaren arazoa.

PPk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitearen harira, Nafarroako Gobernuak 2010eko legearen azken erreforma babestu du, guztizko bermea duela azalduta, eta «putre funtsen interesak» defendatzea egotzi dio PPri. Begoña Alfarok eman ditu azalpenak, Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilariak; esan duenez, erreformak beharrezko txosten tekniko guztiak ditu, eta, horrez gain, Etxebizitza Legea babesten duen jurisprudentzia nahikoa ere badagoela argudiatu du.

Alfaroren ustez, ekainean onartutako erreformak Nafarroako 2.200 familiari lagunduko die, eta PPri leporatu dio familia horien kontra jartzea eta «gutxiengo espekulatzaile» baten alde egitea. «Ez dugu inongo zalantzarik legearen legezkotasunaren inguruan».

Nafarroako Parlamentuak erreforma hori baliatu nahi zuen gaur egun alokairu erregimenean dauden babes ofizialeko etxebizitza guztiak behin betiko egon daitezen babestuta. Izan ere, erreformaren aurretik, alokairu merkatuan zeuden babes ofizialeko etxebizitzak saldu zitezkeen 21 urte igaro ondoren, baina erreformarekin aukera hori kendu dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA