ETAk borroka armatua utzi ondorengo egoera aztertzeko Patxi Lopez lehendakaria egiten ari den bilera txandaren barruan, bere alderdi PSE-EEko ordezkariekin zein PP eta Aralarrekoekin bildu zen atzo Lopez. Orain eginbehar nagusia zein den esaterakoan bat egin zuten lehendakariak, PSE-EEk eta PPk: lehentasuna biktimei eman behar zaiela adierazi zuten, eta gainerako neurriak patxadaz hartu behar direla, «presarik gabe». Aralarrek biktimei buruz aritzearen garrantzia onartu zuen, baina ohartarazi zuen ez dela hori egin behar den gauza bakarra. Alderdi politikoen arteko foroak egitea proposatu zion Aralarrek lehenendariari, eta horiek «ahalik eta zabalenak» izatearen garrantziaz ohartarazita, «bazterketarik gabeak» izan behar dutela esan zion.
Antonio Basagoiti PPren presidentearekin bildu zen lehenik Lopez, goizean, Ajuria Enean. Lehentasuna «terrorismoaren amaiera egonkortzea» dela esan zion Basagoitik lehendakariari. Eztabaidaren erdigunean ez direla presoak eta espetxe politika jarri behar adierazi zion; «askatasunerako gune gehiago irabaztea» dela orain egin behar dena, elkarbizitzaren alde lan egin behar dela eta, horretarako, biktimei erabateko lehentasuna eman behar zaiela. «Etxea ezin da teilatutik hasi presoei edo independentziari buruzko eztabaidekin Batasunari jokoa eginda».
«Askatasunean, demokrazian, aniztasunean eta elkarbizitzan» oinarritutako «konferentzia edo kongresu handi bat» egitea ere proposatu zion Basagoitik Lopezi. «Eta kongresu horrek maila gorena izango luke nazio zein nazioarte mailan; ez litzateke erretiratuekin egingo», adierazi zuen Aieteko konferentzia gutxiesteko.
Arratsaldean, PSE-EEren ordezkariekin bildu zen Lopez: Mikel Torres eta Alfonso Gilekin. Jesus Egigurenek ezin izan zuen bilerara joan, gaixo zegoela eta. «Egoera berri honetan terrorismoaren biktimak hartu behar dira kontuan lehenengo», esan zuen Torresek. «ETAren porrota Zuzenbide Estatuari esker soilik» lortu dela adierazi, historia «gertatu bezala» idaztearen garrantzia nabarmendu, eta horregatik eman zien horrenbesteko garrantzia biktimei.
«Orain presa handia dutenei», berriz, «demokraziaren oinarriak oso sendoak direla» esan zien. Mezu bera eman zuen Lopezek ere: «Ez da presen garaia, ardurarena eta patxadarena baizik».
Iluntzean, Aralarreko Patxi Zabaleta, Aintzane Ezenarro eta Dani Maezturekin batzartu zen lehendakaria. «Biktima guztien eta preso guztien» egoerari heldu beharra plazaratu zuten Aralarrekoek, gizartean guztien arteko «errespetu giroa» sor dadin.
Horrez gain, alderdi politiko eta joera guztiek parte hartu ahal izango duten bilkura edo foroak antolatzeko proposatu zioten lehendakariari.
ETAren jardun armatuaren amaiera. Bilerak
PPren eta PSEren ustez, biktimei eman behar zaie orain lehentasuna
Alderdi guztiek parte hartuko duten foroak egiteko proposatu dio Aralarrek Lopezi, bilera txanda iritsi zaionean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu