2025eko hirugarren Euskal Soziometroaren arabera, herritarren artean baloraziorik onena duen buruzagi politikoa Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales da (5,7), baina oso gertu dauka EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandiano (5,4). Atzerago azaltzen dira PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza (4,5) eta Sumarren eledun Jon Hernandez (4,3); eta dezente atzerago Voxek eta PPk parlamentuan dituzten buruzagiak, Amaia MartĂnez (2,9) eta Javier de Andres (2,9).
Eusko Jaurlaritzaren galdeketak islatzen du «sinpatia politikoari erreparatuta» EAJk lortzen duela mailarik handiena (5,1). EH Bildu eta PSE-EE atzetik azaltzen dira aldagai horri dagokionez, biek ala biek 4,4 puntu dituztela; gero, Sumar dator (3,7). Edonola ere, EH Bildurekiko eta Sumar koalizioarekiko sinpatia politikoa inoiz baino handiagoa da. Voxekiko sinpatia ere gorantz doa, baina 1,1 puntukoa da, eta PPk 1,9 puntu baino ez du lortu.
Pradales lehendakaria da, era berean, herritarren artean ezagunena —biztanleen %78k ezagutzen dute—, haren gobernuaren inkestaren arabera, eta atzetik hauek daude: Eneko Andueza (% 49), Pello Otxandiano (%48) eta Javier de Andres (%42). Liderrik ezezagunenak Jon Hernandez (%17) eta Amaia Martinez (%24) dira.
Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, politikarekiko interesak marka hautsi du, eta 1995etik izandako handiena da: herritarren %44k adierazi dute interes handia edo nahiko interesa dutela. Horrek esan nahi du oraindik ere gehienek diotela interes gutxi dutela edo batere ez. Iritzia eman dutenen artean, erdiek uste dute euskal politikan aldaketak egin beharra dagoela, baina ez erabatekoak. Lautik batek (%25), ordea, uste du aldaketak erabatekoa izan behar duela, eta %22k ez dute aldaketaren beharrik ikusten.
Independentziaren aldekoak, gora
Nortasunari eta burujabetzari lotuta, Soziometroaren arabera, herritarren %42k euskal herritartzat soilik jotzen dute beren burua, edo euskal herritartzat espainiartzat baino gehiago; beste %41 euskal herritar bezain espainol sentitzen dira, eta %9k soilik dute beren burua espainiartzat edo espainoltzat, euskal herritartzat baino gehiago.
Independentziari buruzko jarrerari dagokionez, aldekoen ehunekoa handitu egin da; kontrakoena, aldiz, murriztu. Hortaz, herritarren %38 aurka daude, eta %23 alde. Baina, egoeraren arabera, %32 alde edo aurka egon daitezke. Euskal abertzaletasunaren eskalari dagokionez, zehazki, %32k oso abertzaletzat jotzen dute beren burua; %25k, berriz, ez. Eta %36k tarteko jarrera daukate.
Ezker-eskuin ardatz ideologikoari begira, galdeketak islatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarteak ezkerrerantz egiteko joera duela. Halere, herritar gehienek (%54) zentroan kokatzen dute beren burua.
Independentziari buruzko jarrerari dagokionez, aldekoen kopurua handitu egin da; kontrakoen kopurua, aldiz, murriztu. Hortaz, herritarren %38 aurka daude, eta %23Â alde. Baina, egoeraren arabera, %32 alde edo aurka egon daitezkeÂ
Egoera politikoari helduta, herritarren %66k uste dute ona edo oso ona dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera; halere, Espainiako egoerari buruz galdetuta, berriz, herritarren %18k soilik dute iritzi positiboa. 2023tik orain arteko epean, gero eta herritar gehiagok uste dute Espainiako egoera politikoa txarra edo oso txarra dela.
Egoera ekonomikoari erreparatuta, biztanleen %72k ontzat jo dute ekonomiaren egoera, eta, gizarte arazoen artean, etxebizitzarena da arazoa nagusia; horren inguruko kezkak gora egiten jarraitzen du. Biztanleen %58 kezkatzen ditu arazo horrek. Ez da hain datu alturik izan 2007tik; hau da, higiezinen burbuila izan zen garaitik. Edonola ere, herritarren eguneroko arazo pertsonalei dagokienez, garrantzitsuenak hauek dira: lan merkatua (%24), arazo ekonomikoak (%24), etxebizitza (%23), osasun sistema (%19) eta segurtasuna (%17).
3.030 inkesta egin dituzte telefonoz Euskal Soziometroaren ekarpen honetarako —730 Araban, 1.315 Bizkaian eta 985 Gipuzkoan—, 2025eko azaroaren 11tik 14ra.