Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek euskal abertzaletasunaren eta Jaurlaritzaren beraren historiaren zenbait pasarte aipatu zituen aurreko asteko politika orokorreko bilkuran. Eta ideia horri eutsi dio gaur ere; hain zuzen, Euskal Mundu Biltzarraren 70. urteurrena baliatuta. Hartan adostu ziren ondorioak bere eginda, bakearen eta «herri guztiek euren burua gobernatzeko duten eskubidearen» aldeko ideiak nabarmendu ditu.
Sarri egin bezala, Pradalesek Linkedin sare soziala baliatu du bere mezua zabaltzeko. Hartan, 1956ko irailaren 23tik 29ra bitarte Parisen egindako bilkura gogoratu du, eta hartan ateratako ondorioei erreparatu. Zehazki, bi pasarteri egin die erreferentzia. Lehenak zera adierazten du, euskal herritarren ustea bere eginda «bakearen aldeko deia» egin zuela biltzarrak, eta gehitu du horren oinarri direla, besteak beste, «herri guztiek euren burua gobernatzeko duten eskubidearen aitortza efektiboa, estatu guztiek pertsonen oinarrizko eskubideak eta giza duintasuna errespetatzea, eta nazioarteko hitzarmen eta itunetan emandako hitza betetzea».
Bide beretik, aipatzen duen bigarren ondorioak bizikidetzaren aldeko mezu bat du oinarri: «Kongresuak gomendatzen du ez areagotzea euskal demokraten laguntasuna zikindu eta horien arteko harremanak ahuldu ditzaketen pasioak».
Hala, biltzar hark Euskal Herriaren historia hurbilean izandako «garrantzi handia» nabarmendu du Pradalesek. Izan ere, argudiatu du ordura arte Eusko Jaurlaritzak egindako bidea lantzeko ez ezik ondoren egindakoa bideratzeko ere balio izan zuela: «Parisen egin zen biltzar hartan hausnartu, eztabaidatu, landu eta adostutako ideia eta ildoek gidatu zuten hurrengo bi hamarkadetako gure herriaren ubide zentrala, neurri handi batean».
Lan hori eskertzearekin batera, Pradalesek biltzar hartakoak oinarri gisa hartzera dei egin du: «Badugu non begiratu, zer hausnartu eta zer egin! Jarrai dezagun bidean eta biharko fruituak jaso ahal izateko; jarrai dezagun hazi berriak ereiten!».