Pradalesek beharrezkotzat jo du «biktimak gogoratuko dituen memoria oso bat» izatea

Jaurlaritzak espero du Gogoragunea prest egotea urtebete barru, eta esan du hura «ezinbesteko dibulgazio tresna» izango dela memoria eraikitzeko. Batzordea osatu dute frankismoaren biktimentzako erreparazio neurri ekonomikoak zehazteko.

Alonso eta Pradales, gaur eguerdian. IREKIA
Alonso eta Pradales, gaur eguerdian. IREKIA
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 9a
15:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideek etorkizunean Gogoragunea hartuko duen espazioa bisitatu dute gaur eguerdian, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zutela. Pradalesek espero du «memoria zintzo, argi eta justu» bat osatzen lagunduko duela espazio hark. Hain zuzen, beharrezkotzat jo du «biktimak gogoratuko dituen memoria oso bat» izatea, eta gehitu horretarako funtsezkoak direla «zorroztasun historikoa» eta «iraganarekiko etengabeko eztabaida».

Pradalesen hitzetan, jokoan dago «memoria bizirik mantentzea», eta Jaurlaritza horren alde ari da lanean. Asmo horrekin lotu du Gogoragunea. Erakusketa espazio hura urtebete barru prest izatea espero dute, eta orduan «ezinbesteko dibulgazio tresna» bilakatzea. «Giza eskubideetan eta printzipio demokratikoetan oinarritutako memoria kolektiboaren eraikuntzan laguntzeko», azaldu du lehendakariak, eta adierazi memoria horretan ez dela kontakizunik «inposatuko».

Lehendakariaren arabera, «asko sufritu» duten milaka lagunek eskubidea dute «ahanzturarik eta diskriminaziorik gabeko» memoria bat izateko, eta haiei, «Euskadiren historiari eta etorkizunari» zor zaie horretarako lan egitea. Hala, iraganera baino, etorkizunera begirako tresnatzat jo du Pradalesek, belaunaldi gazteenei erreferentzia eginda: «Gure historia hurbilaren pasarte beltzak inoiz bizi izan ez zituzten horiei ere zor diegu, iraganeko akatsak errepikatu ez ditzaten».

Frankismoaren biktimen erreparazioa

Gogoragunea ez da Zuzendaritza Kontseiluak hizpide izan duen auzi bakarra. Bileran, erreparazio neurri ekonomikoen batzorde teknikoaren osaera ere onartu du. EAEko Memoria Historiko eta Demokratikorako legearen arabera, hari dagokio frankismoaren biktimentzako erreparazio neurri ekonomikoen nondik norakoak zehaztea. «Helburua zera da, zehaztea zer-nolako irismena izango duten neurriek eta zer defizit konpon daitezkeen, kalte ordain osagarrien beharra baloratzeko», azaldu du Jaurlaritzak.

Alberto Alonso Gogorako zuzendaria izango da batzorde horretako buru, eta lagun izango ditu Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria, Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbidean katedraduna, eta Eider Landaberea eta Luis Maria Sala Historian doktoreak. Jaurlaritzak nabarmendu du azken hirurek ibilbide profesional luzea dutela «memoriaren sustapenean eta askatasun zibikoen eta bizikidetza demokratikoaren printzipioen defentsan».

Horrez gain, Alonsok Gogoraren agendan markatuta dauden ekitaldien berri ere eman du. Hurrengo astearen hasierarako, EHUk antolatutako udako ikastaroen barruan, Deportazioa nazismoaren esparruetara Europan (1940-1945). Historia, memoria eta euskal lekukotzak ikastaroa egingo dute, Donostiako Miramar jauregian. Gai berari lotuta, erakusketa bat ere egingo dute udazkenean, Gasteizen.

Aurrez, GALek Monbar hotelean egindako atentatuaren inguruko egitasmoak egingo dituzte. Irailaren 25ean beteko dira 40 urte talde parapolizialak Baionan lau lagun hil zituenetik, eta urteurren borobila baliatuta erakusketa bat eta solasaldi bat antolatuko ditu Gogorak, urrian, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

77.000 euroko aurrekontua

Gasteizko San Frantzisko elizaren konponketa lanen inguruan ere aritu da Alonso. Martxoaren 3ko fundazioaren patronatuak hasi du bere bidea, eta ekainaren hasieran egindako bileran adostu zuten Gogorak hartuko duela elizaren «konponketa lan premiazkoenen» ardura. Orain, berriz, institutuko zuzendariak azaldu du 77.000 euroko aurrekontua jarriko dutela horretarako, eta udan lizitatu nahi dituztela obrak.

Alonsok azaldu duenez, ideia lehiaketa bat jarriko dute martxan eskultura bat sortzeko; eskultura horrek «euskal gizarteak memoria historiko kritiko eta gogoetatsu bat eraikitzeko duen konpromisoa» irudikatuko du, eta 36ko gerrako hobietan aurkitutako gerra materialak urtuta egingo dute. «Behin hiltzeko eginkizuna izan zuen materialari esanahi berri bat emango zaio horrela», nabarmendu du gobernuak. Oharrean, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Egunarekin lotu du eskultura, baina Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik zehaztu egun hori noiz izango den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.