Pradalesek esan du Jaurlaritza osatzeko negoziazioak «poliki, baina ongi» doazela

EAJren 27 legebiltzarkideek jaso dituzte izendapen agiriak. Tejeriak bihar iragarriko du Eusko Legebiltzarra eratzeko bilkuraren data.

EAJko legebiltzarkideak, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EAJko legebiltzarkideak, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko maiatzaren 6a
12:40
Entzun

Eusko Legebiltzarra osatzeko bilkura egiteko eguna zehaztu gabe dago oraindik, baina hurrengo hamabost egunetan zehaztuko dute, hori jakina da. EAJren 27 legebiltzarkideek gaur jaso dituzte izendapen agiriak, eta, beraz, atzerako zenbaketa abian da jada, Gasteizko ganbera osatu ahal izateko legebiltzarkideen herenek akreditatuak egon behar baitute. Kopuru hori gaindituta, diputazio iraunkorreko presidente Bakartxo Tejeriak bihar iragarriko du noiz egingo duten XIII. Legealdiari hasiera emateko osoko bilkura. 

Apirilaren 21eko hauteskundeetan 27 ordezkari lortu zituen alderdi jeltzaleak –hamalau gizon eta hamahiru emakume–, aurreko legealdian baino lau gutxiago. Bada, aurreko legealdian baino talde txikiagoa izango du legebiltzarrean EAJk, eta berritua. Ordezkari horietako ia erdiak estreinakoz arituko baitira legebiltzarrean: hamabi denera. Imanol Pradales bera da horietako bat, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagai nagusia dena. Hain zuzen ere, Pradales bera izan da izendapen agiria hartzen lehena.

Sarreran, kazetarien galderei erantzunez, ez du zehaztasun askorik eman nahi izan, baina esan du Jaurlaritza osatzeko negoziazioak ongi doazela. «Gaur atzerako kontaketa abiatu dugu legealdian, eta espero dut, hurrengo Eusko Jaurlaritza osatu ahal izateko. Ongi goaz, pixkanaka-pixkanaka. Izango dugu hitz egiteko aukera», adierazi du EAJren lehendakarigaiak. Itxura guztien arabera, Europako Parlamentuko bozen ostean egingo litzateke inbestidura saioa, hots, ekainaren erdialdera.

Aurreko astelehenean hasi zituzten negoziazioak EAJk eta PSE-EEk, eta harrezkero diskrezio osoz ari dira bi aldeak. EAJk iragarri du, hala ere, Jaurlaritza «sendo bat» osatzea dela helburua, «anbizio handiko programa batekin», zeinak «egonkortasuna, ongizatea eta aurrerabidea» izango dituen ardatz. «Gobernu berri honek babes parlamentario sendoa izango du», azpimarratu dute jeltzaleek.

Sozialistek bihar hartuko dituzte izendapen agiriak Eusko Legebiltzarrean, hain justu. Eta etzi izango da PPko ordezkarien txanda. EH Bildukoek, berriz, hurrengo astelehenean hartuko dituzte. Aurreko astean akreditatu ziren talde mistoa osatuko duten Sumar eta Voxeko bi legebiltzarkideek. 

Dena argitzeko oraindik

Argitzeko dago nortzuk osatuko duten Eusko Legebiltzarreko Mahaia. Ziurtzat ematen da Bakartxo Tejeria izango dela presidente, beste behin. Baina ez da argi gainerako lau kideak zeintzuk izango diren. Bozetan lortutako ordezkari kopuruaren arabera adostu izan ohi da. Bada, EH Bilduk uste du bi dagozkiola, baina PPk ere ordezkaritza izatea eskatu du.

Argitzeko dago, halaber, nork hartuko duen Joseba Egibarren lekua EAJren Eusko Legebiltzarreko taldearen bozeramaile karguan. Gaur, taldeko argazkia atera dutenean, Pradalesek alboan izan ditu Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak: Bakartxo Tejeria eta Joseba Diez Antxustegi. Azken horrek indarra hartu du azken egunetan legebiltzarreko eleduna izateko, hain justu.

EH Bilduk iragarri zuen Nerea Kortajarenak segituko duela karguan. Aurreko legealdiaren amaieran ere aritu zen zeregin horretan, Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai aurkeztu zenetik. Argitzea falta da Otxandiano inbestidura saiora aurkeztuko den ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.