Pradalesek «Euskadiren nazio aitortza» defendatu du Madrilen

EH Bilduk hauteskundeen testuinguruan proposatzen dituen ideiak «amuak» direla erran du, eta «hauteskunde taktizismoa» bertzerik ez direla.

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia gaur, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE
Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia gaur, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 7a
12:30
Entzun

«Egonkortasuna, sinesgarritasuna eta elkarrizketa» aldarrikatu ditu gaur Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiak, Madrilen. Zehazki, autogobernuan jarri du arreta, PSOErekin Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren inbestidurarako egindako akordioan oinarrituta: «Euskadiren nazio aitortza, eskumenak babestea eta aldebikotasunean eta foruzaletasunean oinarritutako sistema baten bermea». Gogoratu du akordioak bi urteko epea ezartzen duela Gernikako Estatutuaren edukia osorik betetzeko. «Autogobernurako estatus berri osatu hori amaitu ondoren, negoziatzea eta onartzea erabaki da, lehenik Euskadin eta ondoren Espainian», erran du, PSOErekin egindako ituna hitzez hitz ekarriz.

Nueva Economia Forum gosari informatiboan egin ditu adierazpen horiek, antolatzaileek «Imanol Otxandiano» zela esanez aurkeztu eta gero −EH Bilduko lehendakarigaiaren abizena erabilita−. Europan eta baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere indarra hartzen ari diren «populismoez» ere mintzatu da, eta halakoei aurre egiteko tresnak EAJk dituela argitu: «Arazo konplexuak ez dira erantzun sinpleekin konpontzen. Politika letra larriz egin eta aldarrikatu behar dugu. Gure instituzioak eta komunitate politikoa indartu behar ditugu». Hala, azpimarratu du Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeak «oso garrantzitsuak» izanen direla Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «ezegonkortasun populista batean» sar ez daitezen.

EAJko lehendakarigaiak gehitu du gizarteko erdiko klasea eta ongizate eredua gain behera doazela, eta horrek, indibidualismorako joera bultzatzeaz gain, alderdi politikoekiko «mesfidantza» indartu duela. «Guri dagokigu mezu demagogiko, muturreko eta erradikalei aurre egitea. Funtsean, ezegonkortasun populistatik ihes egitea». Errealitate horri aurre egiteko modu bakarra dagoela esan du: elkarriketa, ideien eztabaida eta arrazoia.

«Guri dagokigu mezu demagogiko, muturreko eta erradikalei aurre egitea. Funtsean, ezegonkortasun populistatik ihes egitea».

IMANOL PRADALESEAJko lehendakarigaia

Europako errealitate politikoaren analisia ere egin du, baita Espainiakoa ere. Alde horretatik, erran du bere ustez politikari gehiegi ari direla «ezegonkortasun politikoa xaxatzen», etorkizunean garrantzia izanen duten gaiak eztabaidatzen aritu ordez. «Ez nago ados. Ez da etengabeko liskarra bilatzeko garaia. Kontrakoa egiteko garaia da. Diagnostikoaz hitz egiteko, ideiez lasai eztabaidatzeko, akordioak lortu nahian lan egiteko eta adostasunak lortzen saiatzeko», borobildu du.

«Taktizismoak»

EAJk eta EH Bilduk inkestetan duten berdintasunaz galdetuta, zorrotz erantzun du: «Inkestak inkesta dira, eta benetan balio duena zera da, apirilaren 21ean bozkalekuak ixtean egingo dena». Alde horretan, erran du ongi iruditzen zaizkiola EH Bilduren «amuak», baina «hauteskunde taktizismoa» bertzerik ez direla.

Herritarren artean pil-pilean dauden bi gaien inguruan ere galdetu diote: sektore publikoak hilaren 12rako antolatua duen greba eta Osakidetza. Grebari dagokionez, bere alderdikide Juan Mari Aburto Bilboko alkateak egindako adierazpenen bide beretik jo du, erran baitu «aztertzeko modukoa» dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan manifestazio anitz egitea. Onartu du greba eskubide bat dela, baina haren erabilerak «ezohikoa» izan behar lukeela azaldu: «Lan arloko liskarrek ez gaituzte inora eramaten; gizarte bezala hausnartu beharra daukagu».

Osakidetza osasun sistema «oso ona» dela erran du, baina pandemiaren ondoren «zauriak» badituela, eta horiek sendatu behar direla, hala nola lehen arreta hobetzea, aurrez aurreko arreta hobetzea, lehen arretako mediku gabezia konpontzea eta itxaron zerrendak murriztea.

«Zirimiria»

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia elkarrizketatu dute gaur Euskadi Irratian, eta hauteskundeez galdetu diote hari ere. Koalizioa «zirimiria» dela azaldu du, poliki-poliki Euskal Herri osoa bustitzen ari dena. «Egia da historikoki garaile bat egon dela hiru probintzietako hauteskunde hauetan, eta orain zalantzan dagoela hori. Zalantza hori egoteak ondorio politiko bat du, eta, nire ustez, inportantea da: ezker independentistaren aukera irabazlea mahai gainean dago».

«Egia da historikoki garaile bat egon dela hiru probintzietako hauteskunde hauetan, eta orain zalantzan dagoela hori. Zalantza hori egoteak ondorio politiko bat du, eta, nire ustez, inportantea da: ezker independentistaren aukera irabazlea mahai gainean dago».

ARNALDO OTEGIEH Bilduren koordinatzaile nagusia

Uste du «apaltasuna» eduki behar dela onartzeko herriak erabakiko duela, baina badirudiela aukeran egon daitekeela ezker independentista garaile izateko. 

Gogoratu du «politika abertzaleagoak, burujabetzaren aldekoagoak eta aurrerakoiagoak» eskatzen dituela jendeak, eta galdetu zer gobernuk egiten dion «atxikimendu politikoa» nahi horri: «EAJ eta PSE-EE gobernu batek? Ez, hori nini gobernu bat da, ez abertzalea, ez ezkerrekoa. Hori ez da, gure ustez, jendeak nahi duena; beste gauza bat da hori izatea aritmetika parlamentarioak ematen duena». Gaineratu du EAJk eta PSE-EEk argitu behar luketela PPren babesa onartuko luketen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.