Auto baten barnean zutik iritsi da Leon XIV.a aita santua Vatikanoko Audientzia Orokorrera. Eta hantxe zegoen esperoan Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, aita santuak berak gonbidatuta, hura noiz agurtuko zain. Igo da oholtzara azkenean, eta eskua eman diote elkarri. Minutu gutxi batzuez aritu dira solasean, eta lehendakariak gonbidapena egin dio heldu den urteko apirilean Gernikako bonbardaketaren urteurren ekitaldira etortzeko. Are, Egoitza Santuari eskatu dio babestu dezala ekitaldia, eta egin dezala otoitz «Euskadiren eta euskaldunen alde».
Aita santuarekin izan ondotik, bilera itxia izan du Pietro Parolin kardinalarekin —Egoitza Santuko estatu idazkaria da—, eta lehendakariak kontatu du «balio sinboliko eta instituzional handiko» bilkura izan dela. «Euskadiren eta Egoitza Santuaren arteko harremana sendotzeko aukera bat izan da, bereziki aita santuak Euskadirekiko ezagutza eta hurbiltasuna erakutsi dituelako».
Batarekin eta bertzearekin bildu eta gero, adierazpenak egitera atera da Pradales, eta kontatu du «beste ezertara baino gehiago» eskerrak ematera igo dela aita santuarengana. Eskerrak, zehazki, bakearen, giza duintasunaren, giza eskubideen, justizia sozialaren eta planetaren zaintzaren alde egiten duen lanagatik. Jarrera horrekin eta lan berean jarraitzeko eskatu dio Leon XIV.ari, «oso garrantzitsua baita aginte morala duten ahotsak entzutea ziurgabetasun handiko nazioarteko testuinguru honetan». Bide batez, eskatu dio Europak eta munduak behar duten «iparrorratz morala» indartzeko.
Eskaerak egin bai, baina laguntza eskaini ere egin dio Pradalesek aita santuari. Europa «gizatiarrago bat» eraikitzen lagunduko duela erran dio lehendakariak, eta hitzeman merkatuari eta teknologiari begiratu baino gehiago pertsonei begira jarriko dela. «Euskadik presente egon nahi du erronka global handiak heltzen diren guneetan. Eta garenaren apaltasunetik abiatuta, bakearen, demokraziaren, giza duintasunaren eta justizia sozialaren balioekin konprometitutako ikuspegi bat eskaini nahi dugu», esplikatu dio.
Parolinekin, berriz, Europak «gaur egun duen egoeraz» aritu da solasean, batez ere «giza balioak nola indartu» deliberatzen. Lehendakariaren erranetan, migratzaileak hartzeko eta integratzeko euskal eredua azaldu dio kardinalari.
Hiru opari
Pradales ez da esku hutsik joan Vatikanora; aitzitik, «euskaldunentzat sinbolismo handia» duten hiru opari eraman ditu aita santuarentzat. Lehena, Juan Larrearen Guernica liburua, eta bigarrena, Jose Luis Zumetaren Guernica de Pablo Picasso obra. Bi opari horiek probestu ditu Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrenaz solastatzeko, eta sinbolikoki egun horren erranahia zein den azaltzeko. «Aita santuak badaki Gernika bakearen sinbolo gisa ezagutzen dela, eta badaki zergatik erabiltzen den nola gerraren eta basakeriaren salaketa gisa, hala sinbolo unibertsal gisa».
Hirugarren oparia ere koadro forman eman dio, bi bertso barnean: euskaraz bata, eta kitxuaz bertzea. Jon Sarasuak idatzitako bertsoa da, eta hizkuntza gutxituen aldeko mezua igortzeko erabili du gaurko ekitaldian. «Euskadik antzinako garaietatik eutsi dio euskarari, eta gogor egin du lan euskara biziberritzeko», erran du lehendakariak. Kitxuaz idaztearen arrazoia ere zehaztu du jarraian, eta esplikatu «lagunarteko hizkuntza batekiko errespetu, estimazio eta senidetza keinu bat» izan dela.
Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak lagundu du lehendakaria Vatikanoraino, eta hura ere igo da aita santua agurtzera.