«Tokiko gobernuek gaitasun politikoak behar dituzte erronka globalei aurre egiteko», adierazi du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur, Gasteizen, Europa jauregian egiten ari diren nazioarteko goi bileran. Gobernu Irekiaren Aldeko Elkarteak antolatuta egingo dute ostegunera bitarte, eta gaur Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua ere Gasteizen izan da. Akordioei balioa eman die Pradalesek, eta, Sanchez bertan zuela, zera gaineratu du: «Akordioak lortzea ez da nahikoa: bete egin behar dira hartutako konpromisoak». Gernikako Estatutua betetzeaz ari zen lehendakaria, 46 urte baitira hura onartu zutela, eta oraindik betetzeko dago. Aurten itxiko zutela adostu zuten EAJk eta PSOEk, Sanchezi presidente izan zedin alderdiek egin zuten akordioan.
Gobernantza irekiei buruz eztabaidatzeko egiten ari den nazioarteko goi bileran, Pradalesek gaineratu du lortutako akordioak betetzeak konfiantza indartzen duela, eta hori testuinguru zabalera eraman du: alderdi, erakunde eta haien eta herritarren artera, hain zuzen.
Herritarrek erakusten duten erakundeekiko eta alderdiekiko atxikimendu falta gero eta nabarmenagoa da, eta Pradalesek esan du horri aurre egiteko «akordioaren kultura erein» behar dela. Ezberdinen arteko akordioak defendatu ditu, ezberdinen arteko kontsentsuek akordioen sendotasuna bermatzen dutelakoan.
«Gaitasun politikoak»
Erabakiak hartzeko orduan deszentralizazioaren alde egin du, eta tokiko gobernuek tokiko komunitatearekin eta eragileekin «berritze demokratikorako egiten duten ekarpena» defendatu du. «Horregatik, Europan erabakiak hartzen diren tokietan parte hartu nahi dugu, eta gure balioak partekatzen dituztenekin aliantza berriak eraiki», esan du.
Izan ere, azaldu du tokiko gobernuek gertuagotik ezagutzen dituztela herritarren arazoak, eta, hori dela eta, herritarren beharrei hobeto erantzuten zaiela. «Justizia kontua da Euskadiren gisako gobernuek gaitasun politikoak izatea erronka globalei erantzuteko».
Hizpide izan du Palestina, halaber, eta «bidezko irtenbide iraunkorra» eskatu du.