Prefetak auzitara joko du Palestinako bandera eskegi duten herriko etxeen aurka

Ipar Euskal Herriko zenbait herritan Palestinako ikurra zintzilikatu dute elkartasun keinu gisa. Prefetaren arabera, «funtzio publikoaren neutraltasuna» urratzen du horrek.

Palestinaren aldeko ibilaldiaren iristea, iragan larunbatean, Hendaian. GUILLAUME FAUVEAU
Palestinaren aldeko ibilaldiaren iristea, iragan larunbatean, Hendaian. GUILLAUME FAUVEAU
Ion Orzaiz.
2025eko irailaren 23a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinako Estatua formalki onartu bai, baina elkartasuna herrietan islatzerik ez du nahi Frantziak. Azken egunetan, izan ere, Palestinako bandera eskegi dute Ipar Euskal Herriko zenbait herriko etxetan, eta Pirinio Atlantikoetako prefetak iragarri du halako keinuen aurka eginen dutela auzitegietan.

Mauleko auzapez Louis Labadot izan zen Palestinako ikurra zintzilikatu zuen lehena, iragan astean. Hori ikusita, prefetak urgentziazko helegitea aurkeztu zuen Paueko auzitegian (Okzitania), eta bandera kentzea galdegin zuen. Zigor baten mehatxuaren aurrean, Mauleko herriko etxeak bandera erretiratu zuen hasieran, baina atzo berriz agertu zen zintzilik.

Beste zenbait herritan ere elkartasuna adierazi nahi izan diote Palestinari, herrialde horretako bandera zintzilikatuta. Baigorrin (Nafarroa Beherea), Izuran (Nafarroa Beherea), Urruñan (Lapurdi), Lexantzü-Zunharren (Zuberoa), Itsasun (Lapurdi) eta Ozazeko (Zuberoa) herriko etxeetan paratu dute, besteak beste.

Prefekturak iragarri du Mauleko herriko etxea ez ezik beste lau herri ere auzibidean jarriko dituela Palestinako bandera zintzilikatzeagatik. Kazeta.eus-ek jaso ditu prefeturaren argudioak, eta, haren arabera, «funtzio publikoaren neutraltasun printzipioa urratzen du» Palestinako bandera herriko etxean eskegitzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.