«Prekaritatea» amaitzeko eskatu dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek

Bigarren greba eguna dute gaur Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako beharginek. ELA sindikatuak deituta, manifestazioa egin dute Donostian.

ELAk deitutako manifestazioa, goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
ELAk deitutako manifestazioa, goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 23a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako beharginek bigarren greba eguna dute gaur sektoreko langileek pairatzen duten soldata arrakala eta partzialtasuna salatzeko. Hitzarmenaren negoziazioa exijitzeko ari dira greba egiten. Aldarrikapen horiek Donostian kalera eraman ditu ELA sindikatuak goizean, Gipuzkoa plazatik abiatu den manifestazio batean.

«Prekaritatea» amaitzeko eskatu du sindikatuak manifestazioan. Gainera, salatu du Matia, Adegi eta Lares patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak muzin egin dietela langileen ordezkariek negoziazio mahaian egin dituzten proposamenei, eta ohartarazi datorren astean aurrerapausorik ematen ez bada ELAk ez duela gehiago parte hartuko mahai horretan.

Zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzak «prekarioak» dira, ELAk dioenez: ia erdiek lan kontratu partzialak dituzte, «patronalek etekinak handitzeko estrategia dutelako», eta azpikontratatutako andrazkoen soldata arrakala 10.000 eurokoa da urtean. Hori hala, sindikatuak EAJri, PSE-EEri eta Podemosi exijitu die berehala bete dezatela aldundiko aurrekontuetan adostutakoa, eta hitzarmen sektoriala bultzatzeko konpromisoa sustatu dezatela. Halaber, eskatu die aukera hori baliatzeko zaintza sistemaren kalitatea hobetzeko eta sexu diskriminazioa amaitzeko.

ELAk jakinarazi duenez, Gipuzkoako sei zahar etxetan ari dira greba egiten: Errenteriako Sagrado Corazon, Zumaiako San Juan eta Zumarragako Argixao zentroetan eta Donostiako Villa Sacramento, Txara II eta La Paz egoitzetan. Bihar, gainera, Ordiziako San Jose egoitzak bat egingo du greba mugagabearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.