Preso adinekoak eta eriak aske uzteko eskatu du Kongresuko ordezkaritza zabal batek

Unidas Podemos, ERC, Junts Per Catalunya, EAJ, EH Bildu, Mas Pais, CUP, BNG eta Compromis batu dira eskarian.

Urtarrilean Bilbon euskal presoen eskubideen alde eginiko manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2020ko maiatzaren 11
10:44
Entzun

COVID-19a dela-eta espetxeetako egoera are eta larriagoa izan daitekeela ohartarazi dute nazioarteko zenbait erakundek. Osasunaren Mundu Erakundeak, Giza Eskubideen eta Torturen Prebentziorako Goi Komisarioak, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioak eta giza eskubideen aldeko zenbait erakundek egina dute ohartarazpena. Horren haritik, Espainiako Estatuko kartzeletan dauden presoen egoerari erraparatu eta egoera zaurgarrienean daudenei premiazko neurriak aplikatzeko eskatu dute talde hauek: Unidas Podemos, ERC, Junts Per Catalunya,EAJ, EH Bildu, Mas Pais, CUP, BNG eta Compromis. Espainiako Gobernuari eskatu diote arreta sanitarioa bermatzea eta egoera zaurgarrienean dauden presoak askatzea: 65 urtetik gorakoak eta aldez aurretik gaixo daudenak, besteak beste. Askatasunik gabeko pertsonen eskubideak errespetatzearen alde izena du manifestuak.

Manifestuaren bultzatzaileek uste dute "lehentasunezkoa dela neurri zorrotzak hartzea". Bost puntu biltzen ditu manifestuak. Lehenak, 65 urtetik gorako presoak eta COVID-19aren aurretik patologia serio, kroniko eta larriak zituztenak aske uzteko eskatzen du.

Bigarrenak zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkaten presoak askatzeko eskatzen du "berrerortzeko inolako arriskurik erakusten ez duten edota gizarteratzearen aldeko pronostikoa jaso duten pertsonak askatzeko, bere familiaren baliabidak eta ingurune soziala kontuan hartuta, konfinamendua gainerako herritarren baldintza berbertan egin ahal izan dezaten".

Hirugarrenik, Osasun, Justizia eta Barne ministerioen arteko elkarlana sustatzeko eskatzen dute, pandemiaren egoera aztertzeko eta presoei proba azkarrak egin ahal izateko.

Laugarrenik, presoek pandemiaren inguruko informazio osoa jasotzeko eskubidea bermatzeko eskatzen dute.

Eta, azkenik, Espainiako Gobernuari eskatzen diote deskonfinamenduak aurrera egin ahala presoek euren senide, lagun eta  abokatuekin aurrez aurreko harremanak lehenbailehen berreskuratzeko neurriak bizkortzeko, eta ahal bezain pronto presoak euren bizilekutik gertuen dauden espetxeetara gerturatzeko hurbiltze orokortua martxan jartzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.