Etxerat-ek berretsi du datozeen hilabeteetarako bere jardun nagusia "salbuespenezko espetxe politiken desaktibazioa lortzea" izango dela. Horretarako, informatzen, testigantza ematen eta salaketak egiten jarraituko duela adierazi du, "urrunketari eta preso gaixoek pairatzen duten muturreko egoerari lehentasuna emanez".
Espainiako Gobernuak espetxe politikan aldaketak iragarri zituenetik, azken bederatzi hilabeteetan eman diren urratsen gaineko balorazioa egin du Etxerat-ek. Elkartearen esanetan, Madrilek hartu dituen neurriak ez dira nahikoak. "Espainiako Gobernuak 24 preso (%8,5) lekualdatu ditu Euskal Herritik hurbil dauden kartzeletara. Teknikoki, hurbildu egin ditu, baina urrats hori ez da inondik ere nahikoa. Oraindik ere, 500 eta 2.000 kilometro bitarteko bidaiak egin behar ditugu astero, gure bizia arriskuan jarriz".
Etxerat-ek nabarmendu du ez dagoela "inolako aitzakiarik" euskal presoak Euskal Herriratu eta Zaballako espetxera eramateko; "ez legediaren aldetik, ezta baldintza materialei dagokienez ere".
Euskal preso guztiak Zaballara lekualdatzeko eskatu dio Etxerat-ek Espainiako Gobernuari, eta urrats hori "azkar eta arduraz" egin dezala galdegin dio. "Orain dela 30 urte kontrakoa egiteko erakutsi zuen azkartasun eta ardura berberarekin. Izan ere, 600 euskal preso baino gehiago sakabanatu eta urrundu zituen bi hilabeteko epean".
Espainiako Gobernuak espetxe politikan aldaketak iragarri zituenetik, euskal preso bat kartzelan hil dela gogorarazi du Etxerat-ek. Horrez gain, gaixotasun larriak dituzten "preso ia guztiek" lehen graduan eta espetxe urrunetan jarraitzen dutela salatu du, "tratamendu egokia jasotzeko aukerarik gabe". Frantzian, berriz, bizi osoko espetxe zigorra ezarri zitzaien lau presoetako hiruk kartzelan jarraitzen dutela nabarmendu du," baldintzapeko askatasuna lortzeko arauak betetzen dituzten arren".
Oraindik ere beren senideak bisitatzeko ehunka kilometroko bidaiak egitera behartuta, euskal presoen 24 senidek istripuak izan dituzte errepidean, Etxerat-ek azaldu duenez. Elkarteak adierazi du sakabanaketak eragin dituen hildakoen aitorpensozial eta instituzionala bultzatzeko lanean jarraituko duela.