Espetxe politikaz mintzatu da Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak. Esan du gerturatzeak "modu ahalik eta diskretuenean" egingo dituztela, aurretik ETAren biktimei jakinarazita. Uste du biktimen elkarteek "kontrol jarrera" dutela gobernuarekiko, baina "ulertzen" dutela "ETA desagertzeak planteatu duen egoera".
Gainera, azaldu du Madril espetxe politikan hartzen ari den neurriak Frantziako Gobernuak jarraitutako ereduaren antzekoak direla, eta nabarmendu du garrantzitsuena "gizarteratzea" dela gerturatzeak baino gehiago.
Bestalde, Kepa Arronategi presoa gaur heldu da Zuerako espetxera. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hilaren 13an jakinarazi zuen Arronategi eta Marta Igarriz euskal presoak Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara lekualdatzeko erabakia, eta Etxerat elkarteak gaur eman du Arronategiren lekualdaketaren berri.
Kepa Arronategi gernikarra, 1997. urtetik dago preso —ETAko kide izatea, hilketak egitea eta Espainiako erregea hiltzen saiatzea egotzi eta 158 urteko zigorra ezarri zioten—. Gaixo larri dago, eta hori izan liteke hura tokiz aldatzeko arrazoi nagusia, Espetxe Zuzendaritzaren oharrak halako argibiderik ematen ez bazuen ere. Almeriatik (Euskal Herritik 1.000 kilometrora dago) Zuerako espetxera (300 kilometrora) lekualdatu dute.
Euskal presoen eskubieen aldeko elkarteak, ordea, ez zuten nahikotzat jo gerturatzea. Etxerat-ek salatu zuen Zuerako espetxean "beti" egon izan direla euskal presoak —Zueran bederatzi daudela egun—, eta ez dagoela haiek eta beste euskal preso guztiak Zaballara ez hurbiltzeko "arrazoi bakar bat ere".
Sarek ere kritikatu zuen ez dela "onargarria": "Norbere bizilekutik 250 kilometroa dagoen espetxe bati buruz ari gara, eta joan eta etorri 500 kilometro egin behar direla esan nahi du horrek. Hori ez da urruntze politika amaitzea. Urrunketa amaitzea presoak Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea da", nabarmendu zuen Joseba Azkarraga bozeramaileak.