Euskal presoak

Presoak gerturatzeko baldintzak jarriko ditu Espainiako Gobernuak

«Gizarteratze» plan batean kokatu du aukera hori; presoek indarkeriari uko egin eta ETAko kide izateari utzi beharko diotePrograman aurrera egin ahala, presoei ezarritako exijentziak gehituz joango dira

Espetxe politika aldatzeko eskatu zuten apirilaren 14an Bilbon bildu ziren milaka lagunek. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakinarazi duenez, «plan bat» abiatuko du «terrorismo delituak egin dituzten presoak birgizarteratzeko». Aurreratutako neurrien arabera, plan horrek ez ditu orain arteko baldintzak arinduko; areago, presoei ezartzen zaizkien exijentziak gehituz joango dira prozesu horretan aurrera egin ahala. Barne Ministerioak azaldu duenez, «epeka» gauzatuko da «gizarteratze prozesua». Hala, parte hartu ahal izateko, presoak «argi eta jendaurrean» erakutsi beharko du indarkeriari uko egin diola eta «erakunde kriminaleko» kide izateari utzi diola. Hori «derrigorrezko baldintza» izango da, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak azaldu duenez. Ondoren, eta planean aurreikusitako beste neurri batzuk jaso ahal izateko —Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea, adibidez—, «legezko beste betebehar batzuk» exijituko zaizkie presoei: biktimei barkamena eskatzea, kaltea konpontzea eta agintariekin kolaboratzea, besteak beste.

«Egiaztatu egingo da presoak izan duen garapena, eta esaten dituenen eta egiten dituenen arteko koherentzia», nabarmendu dute Barne Ministeriotik. Iturri horiek azaldu dutenez, programa «saboteatzeko» edozein asmo saihestu nahi dute kontrol neurri horiekin. «Sakabanaketa, beste gauza askoren artean, erakunde terroristek presoen gaineko kontrola eteteko jarri zen martxan. Orain presoak erakunde horietatik aldentzen badira, beraien herrietatik gertu dauden kartzeletara mugitu ahal izango dira», azaldu dute.

Barne Ministerioak jakinarazitakoaren arabera, Langraizko bidea deiturikoa da programaren oinarria. Bide hori «sistematizatu eta osatu» nahi du Barne Ministerioak. «Helburua da zigortuak ardura bere gain hartzea, indarkeria praktikatzera eraman zuten ideiak gainditzea, eta herritarren askatasunarekiko eta bizitzarekiko errespetua eta gizalegezko balioak bereganatzea».

Hori hala, programan parte hartzea erabakitzen duten presoek eskolak jasoko dituztebizikidetzarako balioen inguruan, etalana aurkitzeko laguntza jasoko dute, aske geratzen direnerako. Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeak izango dira plan horiezartzen lehenak, Espainiako Espetxe Zuzendaritzako iturriek berri agentziei adierazi dietenez.

Aldaketarik ez

Plan hori abian jarrita Espainiako Gobernua ez dela espetxe politika aldatzen ari azaldu du Fernandez Diazek. Barne ministroak adierazi duenez, planaren helburua da presoak «gizarteratzea», eta nabarmendu du hori Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluan jasota dagoela. «Legea bete besterik ez dugu egingo». Barne ministroak gaineratu duenez, ez da «inolaz ere» presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko plan bat, eta horrek ez du ezbaian jartzen Parot doktrinaren konstituzionaltasuna.

Luxenburgotik eginiko adierazpenetan, EPPK Euskal Preso Politikoan Kolektiboari mintzatu zaio Fernandez Diaz. Kolektiboari leporatu dio euskal presoen artean «itxaropen faltsuak» zabaltzea. «Mezu argi bat helarazi nahi diogu ETAri: ez da izango negoziazio politikorik, amnistiarik eta presoen gerturatze masiborik».

Antzera mintzatu da Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentea. Adierazi du Barne Ministerioaren planak ez duela inolako espetxe onurarik jasotzen, eta nabarmendu du ez dela aldaketarik izango «terrorismoaren aurkako politikan». Moncloako jauregian Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiarekin batera eginiko prentsaurrekoan esan ditu hitzok Raxoik. Kazetarien galderei erantzunez, Espainiako gobernuburuak argi utzi nahi izan du orain arteko jarrerari eutsiko diola: «ETArekin ez dago ezer negoziatzeko, eta ez dugu negoziatuko. Ez dugu egin, eta ez dugu egingo. ETAk desagertu egin behar du».

PSOEk bat egin du ikuspuntu horrekin, eta «ETAren aurkako borrokan» Espainiako Gobernuaren ondoan izango dela nabarmendu du. Hala, Barne Ministerioaren plana babesten duela adierazi du. «Ez ditugu planaren xehetasunak ezagutzen, baina uste dugu ETAko ildo gogorrenari min emango diola. Hortaz, ondo iruditzen zaigu».

IUrentzat, aldiz, Barne Ministerioak aurkeztutako plana «ez da nahikoa», eta «ETAren aroa behin betiko gainditzeko» neurri eraginkorrak eta eskuzabalak behar direla azpimarratu du.

Beste norabide batean, baina aurka ere mintzatu dira UPD alderdia, AVT elkartea eta AUGC Guardia Zibilaren sindikatua. Presoentzako «onurak» ezartzea eta «ETAren exijentziak» onartzea leporatu diote Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.