Bost euskal presori buruzko Barrutik begiratzeko leihoak dokumentalaren Zinez ekoiztetxeak uko egin dio Donostiako Udalaren bederatzi mila euroko laguntzari, bertako arduradunek gaur eguerdian Koldo Mitxelena kulturunean jakinarazi dutenez. Laguntza publiko orori egingo diote uko, Zinez Elkarteak esan duenez. Luix Barinagarrementeria abokatua izan dute eurekin prentsaurrekoan.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela laguntza —Bildu dago Donostiako udal gobernuan—.
Dena dela, diru ekarpena jasotzeari ez dio Zinezek uko egin, eta herritarren-eta babes ekonomikoa lortzeko kanpaina bat baduela gogoratu du. Hogei eurotan eros daiteke Zinez txartela.
Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentala da Barrutik begiratzeko leihoak. Bakoitzak preso bati buruzko istorioa kontatu du.
Sormen askatasunaren mugak
Haizea Belza filmeko ekoizpen laguntzailearen esanetan, "Espainiako Gobernuak ezin du sortzaileen sormen askatasuna murriztu. Gogoan dugu Julio Medem eta La pelota vasca filmarekin gertatu zena. Ez da justua, ez da zuzena, eta ez dago eskubiderik gizartea modu honetan tenkatzeko film sinple batengatik. Akaso filma entregatu behar al diogu ministroari aldez aurretik esan dezan atsegin duena eta ez duena diru laguntza eskuratzeko? Ez dugu atsegin inork gu erabiltzea beste norbait jazartzeko. Ez diogu aukerarik emango gobernuari gizartean ezinegona eta tentsioa eragiteko gu aitzaki hartuta."
Zinegileek gizarteari elkartasuna eskatu diote. "Gure ustean, sortu den polemika oso injustua da. Hiru aste eman ditugu EAJ, PSE-PSOE eta PPko udal ordezkarien atzetik, haiekin bildu eta gure egitasmoa aurkezteko. Alferrik izan da, ez gaituzte hartu ere egin", azaldu dute.
Espainiak dio Bildu zaintzen segituko duela, "legedia bete dadin"
Zinez ekoiztetxeak euskal presoen dokumentalari buruz Donostiako Udalak onartutako diru laguntzari uko egin arren, Barne Ministerioak gaur esan du Bildu zaintzen segituko duela, "legedia bete dadin" eta "terrorismoaren goratzerik egon ez dadin".
Fernandez Diaz ministroaren arabera, Bilduk, laguntza hori emanda, ez lituzke betetzen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturi legezko izateko jarritako baldintzak, "terrorismoa goratzen" duelako.
Donostiako Udalak lehengo astean erabaki zuen lana diruz laguntzea. Horren ondotik, PSE-EEko eta PPko ordezkariek Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordea uzteko erabakia hartu zuten. Era berean, Carlos Urkixo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak adierazi zuen auzitara eramango zuela Udala.
Konstituzionalak Sorturen epaian hainbat baldintza aurreikusten ditu. "Ekintza terroristak" egin dituztenak "gorestea edo biktima zein heroi gisa aurkeztea" Sortu legez kanpo uzteko beste arrazoi bat litzateke, Konstituzionalarentzat. Presoak izan daitezke pertsona horiek. Biktimak edo haien familiakoak "gutxiesten edo umiliatzen" dituzten ekitaldiak ere ezingo dira egin. Konstituzionalak larritzat jotzen du instituzioetan daudenek jarrera hori "baimentzea eta onartzea" ere.