Ingumaren sortzaileetako bat - Huheziko ikertzailea

Iñaki Alegria - Amaia Torrealdai: «Produkzio zientifikoa gora doa oro har, baina euskaraz ez»

Euskarazko ekoizpen zientifikoa biltzeko asmoz sortu zuen UEUk Inguma datu basea, orain dela 25 urte; Alegriak eta Torrealdaik tresnaren sendotasuna nabarmendu dute, baina paradoxa bat agerian utzi ere bai: produkzioa beheraka ari da.

Torrealdai eta Alegria, Bilbon, Ingumaren 25. urtemuga ospatzeko ekitaldia hasi aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU
Torrealdai eta Alegria, Bilbon, Ingumaren 25. urtemuga ospatzeko ekitaldia hasi aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
Bilbo
2025eko abenduaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

25 urte konplitu ditu aurten Ingumak, euskarazko zientzia ekoizpena biltzen duen datu baseak. Iñaki Alegria izan zen sustatzaileetako bat (Donostia, 1957), eta gogoan du abiaburua: «digitalizazioa» indarra hartzen ari zen, online zeuden datu baseak sortzen hasiak ziren batean eta bestean, eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak ekarpena egin nahi izan zuen. Ingumak 1968tik aurrerako datuak jasotzen ditu egun: 14.325 egile, 48.473 dokumentu. Euskarazko zientzia ekoizpena aztertzeko «tresna estrategikoa» da. Eta Huheziko ikertzaile Amaia Torrealdaik (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1979) lan horixe egin du: datu horien guztien erretratua atera du Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik lanean, eta ondorioak atera. Horietako bat kezkagarria da: ekoizpena beheraka ari da. Azaroaren 6an, UEUko kideek datu basearen urtemuga ospatzeko ekitaldia egin zuten Bilbon, eta, han, solaserako batu ziren Alegria eta Torrealdai. 

25 urte bete ditu Ingumak. Urtemugaren harira, aztertu egin duzue, ikusteko euskarazko produkzio zientifikoak zer eman duen urteotan. Zer-nolakoa izan da eboluzioa?

Amaia Torrealdai: 25 urteen harira, ikerketa bat egin dugu. Aitor Zuberogoitia eta biok aurkeztu ginen, proiektu batekin. 25 urteotako ekoizpenaren azterketa bat egin nahi izan dugu, Inguma oinarri hartuta. Datu basea osoa da, 25 urte hauetan lan handia egin da, eta guretzat oso lan polita izan da hori aztertzea. Bilakaera? Ikusten da hasierako urteetan gorakada handia egon zela, hurrengo hamarkadetan gorabeherak izanda ere ekoizpena egonkortu egin zela, eta, 2021ean goia jo ondoren, maldan behera doala. Euskarazko produkzioaren hazkunde tasa ere kalkulatu dugu, eta 70eko hamarkadan, adibidez, %360ko hazkundea izan zen. Hurrengo hamarkadetan, egonkortu, eta %20ren bueltakoa izan zen, baina, 2000-2010etik aurrera, hazkundea oso txikia da, eta tarte batzuetan negatiboa ere izan da: 2013tik 2017ra bitartean, adibidez, %8 apaldu zen.  

Iñaki Alegria: Oso larria da mantentze hori eta jaitsiera hori izatea noiz-eta inoiz baino ikerlari, irakasle eta unibertsitateko ikasle euskaldun gehiago dauden honetan. Sakon aztertu behar da. Produkzio zientifikoa gora doa oro har, baina euskaraz ez. 

«Oso larria da jaitsiera izatea noiz-eta inoiz baino ikerlari, irakasle eta unibertsitateko ikasle euskaldun gehiago daudenean»

IÑAKI ALEGRIA Ingumako sortzaileetako bat
Jakintzaren arlo guztietan gertatzen ari da hori?

Alegria: Inguman dena jasotzen da; unibertsitateko bost jakintza arloen artean denetarik dago, baina, historikoki, gizarte zientzia eta humanitateen arloan izan da produkziorik handiena euskaraz.

Torrealdai: Hori da. Lurraldetasunarekin lotzen delako, hizkuntzarekin, kulturarekin: lotura zuzena dauka. Oro har, joera bera ikusten da alor guztietan: hazkundea, egonkortzea, eta, gero, beherako joera. Azken urteotan bakarrik egin da gora ingeniaritzan eta arkitekturan.

Alegria: Ingelesaren erabilera da azalpena. Globalizazioaren barruan, duela hamarkada asko, zientzia gogorrek eta ingeniaritzak beti izan dute erreferentzia ingelesez argitaratu behar dela, eta euskarazko produkzioa ez zen oso handia. Gizarte zientzietan eta humanitateetan, aldiz, bazegoen joera gaztelaniaz edo euskaraz aritzeko. Orain, unibertsitateetako baremoek inpaktua eskatzen dute, ordea, eta inpaktua ingelesez lortzen da.

«Unibertsitateetako baremoek inpaktua eskatzen dute, eta inpaktua ingelesez lortzen da»

IÑAKI ALEGRIA Ingumaren sortzaileetako bat
Beraz, esan daiteke hori gizarte zientzietara ere zabaldu dela? Askotan, inpaktuak lotura zuzena du finantzaketarekin eta ikertzen jarraitzeko aukerarekin, ezta?

Torrealdai: 2001ean ANECA ebaluazio eta akreditazio agentzia sortu zen Espainian; 2006an Unbasq hemen, erkidegoan [EAEn]: gure unibertsitate sistema ebaluatzen duen agentzia da. Hortik aurrera, eta datuek bat egiten dute horretan, ingelesa da lehentasuna.

Eta ikertzaileak ondorioztatzen du, beraz, aurrera egiteko ingelesez egin behar duela, eta euskaraz egitea etekinik ez dakarren esfortzua dela?

Alegria: Hori da, hori da. Orduan, euskara zure proiektu pertsonala da, talde txikiena.

Torrealdai: 2022an EB Europako Batasunaren ekinbide bat abiatu zen, Coara, eta testuinguru berriak zabaltzen ari da. Esaten du adierazle kuantitatibo horiek, inpaktu horiek, orekatuak izan behar dutela. Eskatzen ari dira irizpide kualitatiboak ere kontuan hartzeko, eta bien arteko oreka bat bilatzeko. Euskarazko ekoizpenak, adibidez, ekarpen bat egiten die gizarteari eta zientziari, eta horri balioa ematea da kontua. Uste dut testuinguru hori garrantzitsua izan daitekeela hurrengo urteetan. 

«Euskarazko ekoizpenak ekarpen bat egiten die gizarteari eta zientziari, eta horri balioa ematea da kontua» 

AMAIA TORREALDAIHuheziko ikertzailea
Beherako joera hori apaltzeko?

Alegria: Ea buelta ere ematen diogun. Baina hori proposamen bat da oraingoz. Ez da ofiziala. Hitz onak daude horren inguruan. UEU justu hori bultzatzen dabil, eta uste dut Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean badagoela susmoa kantitatearen inguruan... Gainera, indize horiek oso maltzurrak dira. Azkenean, ez dute baloratzen zure artikuluaren inpaktua, baizik eta publikatu duzun aldizkariaren inpaktua. 

Zer gehiago egin daiteke?

Torrealdai: Estrategia bat baino gehiago egon daitezke. Administrazioek kontuan hartu behar dute euskarazko ekoizpena, baina erakundeok ere bai: guk ere bultzatu beharra daukagu. Guk, adibidez, MU Mondragon Unibertsitatean orduak ematen ditugu euskarazko artikuluak idazteko. Ikertzaile moduan, halaber, egin ditzakegu gauzak: adibidez, ingelesez argitaratzen badugu, laburpenak edo gako hitzak euskaraz jar ditzakegu.

«Ikertzaile moduan, egin ditzakegu gauzak; adibidez, ingelesez argitaratzen badugu, laburpenak edo gako hitzak euskaraz jar ditzakegu»

AMAIA TORREALDAI Huheziko ikertzailea
Zer gehiago erakusten dute Ingumako datuek? Nolakoa da euskaraz sortzen duen ikertzailearen soslaia?

Alegria: Genero arrakala, adibidez, gainditu da. Hasieran oso maskulinoa zen, eta gaur egun orekatuta dago. Jakintza arloari begiratuta, denetik dago, zorionez, baina giza eta gizarte zientziak dira gehiena. Gazteen artean, unibertsitateetakoak badira, baina gero eta gehiago dira ikerketa zentroetakoak. Horiek interes objektibo gutxiago izaten dute euskaraz publikatzeko unibertsitateek baino, baina Ikergazte eta era horretako ekinbideen bitartez, zientziaren parte elitistago hori ere ari da. 

Beste hizkuntza gutxitu batzuekin konparatuz, zer-nolakoa da Ingumak erakusten duen argazkia?

Alegria: Katalanak oso aurreratuta daude: ebaluazioetan katalanezko aldizkari batzuk kontuan hartzea lortu dute, nahiz eta gero munduan horiek ez kontuan hartu lehenengo mailan. Guk ez dugu horrelakorik lortu. Haiek, ordea, ez dute datu baserik katalanez, estatistikak-eta ematen dituenik. 

Inguma, beraz, altxor bat da, alde horretatik. Kontsulta dokumentu gisara erabiltzeko ohitura ere badago? Ezaguna al da?

Torrealdai: Erabilera ez da oso homogeneoa. Jende askok oraindik ez du ezagutzen, baina ezagutzen duen horrek erabiltzen du adituak bilatzeko. Badago egileen orrialde bat, eta hori da bisita gehien jasotzen dituena.

Beraz, funtzio hori ere betetzen du.

Alegria: Bai, baina nahi baino gutxiago. Adibidez, gaur elkarrizketa bat izan dut, eta kazetariak esan dit: «Niri fakultateko lehen ikasturtean nola ez zidaten hau erakutsi?». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.