Hilketa matxista

Mugimendu feministak salatu du babesik gabe utzi zutela Donibane Lohizunen hildako emakumea

Frantziako justiziaren arduragabekeria salatu dute feministek, eta erantzukizunak eskatu. Hilda aurkitu zuten emakumearen bikotekidea atxilo izango dute epaiketa egin arte.

Hilketa matxista salatzeko manifestazioa, gaur, Donibane Lohizunen. GUILLAUME FAUVEAU
Hilketa matxista salatzeko manifestazioa, gaur, Donibane Lohizunen. GUILLAUME FAUVEAU
Paulo Ostolaza - Iñaki Etxeleku
2024ko maiatzaren 6a
09:45
Entzun

Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizazioa egin du Donibane Lohizunen (Lapurdi) joan den ostiralean gertatu zen hilketa matxista salatzeko. Aski da! Eraso matxistarik ez! Autodefentsa feminista lelopean egin dute protesta, eta manifestazioa egin dute hildako emakumearen gorpua aurkitu zuten Paris hoteleraino. Baionako prokuradoreak egin dituen adierazpenak gaitzetsi dituzte, eta Frantziako justiziaren erantzukizuna nabarmendu.

Lehen zantzuek erakusten dutenez, 33 urteko emakumearen hilketa «krimen bortitza» izan zen. Hala adierazi du Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak; «feminizidioa» aipatu du, hilketa matxistaren hipotesiari indar emanez, eta aurrez prestatutako hilketa bat izan daitekeelakoan dago. Delitu hori bizi guztiko kartzela zigorrarekin zigortzen du Frantziako legediak. Gertatutakoa argitzeko ikerketa zabalik dago oraindik ere; gaur egin beharra zioten autopsia gorpuari.

Horretaz gain, Bourrierrek iragarri du hildakoaren bikotekidea, ustezko hiltzailea, atxilotua izango dutela epaiketa egin arte. Gorpua aurkitu bezain pronto atxiki zuten 37 urteko gizona, galdekatzeko; jakinarazi dute oraingoz ez dutela aske utziko.

Elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Itaiak Baionako Auzitegi aitzinean. Gaur 250 pertsona elkartu dira Luis XIV.aren plazan, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere egin dituzte mobilizazioak. Donibane Lohizunen irakurri duten agirian, Frantziako Justiziaren erantzukizuna nabarmendu dute. Izan ere, lehenago ere indarkeria jasandakoa zen emakumea: urtarrilean aizkorakada bat jaso zuela salatu zuen, eta apirilean eraikin bateko bosgarren pisutik erori zen. Alta, hildako emakumea «babesik gabe» utzi zutela salatu dute.

Urtarriletik ustezko hiltzailea zaindua zegoela erran du prokuradoreak, baina galderak egin ditu mugimendu feministak: «Zergatik ez zuten orduan atxilotu? Aizkorakadaren ikerketarik egin al zuten? Emaztearekiko zer urruntze neurri ezarri zioten? Zer neurri berriz emaztea ez erasotzeko?». Erantzunak eskatu dituzte, eta Poliziak, fiskaltzak eta epaileek erantzukizuna dutela baieztatu dute.

Biktima arrisku larrian egonik ere babesik gabe utzi izana deitoratu dute feministek. «Hau bezalako kasuekin argi geratzen da egungo justizia ereduak ez duela funtzionatzen eta ez dituela emazteak babesten. Frantziako sistema judizialak huts egin du beste behin». Azkenik, Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko eta instituzionalen isiltasuna salatu dute. 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea da, eta aurtengo lehenengoa.

«Basakeria»

Sud Ouest-ek eta France Bleuk bildu prokuradorearen erranetarik, «basakeria handiko krimen eszena» aurkitu zuten inkestagileek Donibane Lohizuneko hotelean; «odol anitz bazegoen gela gaineraino», adierazi zutenez. Beste hainbat xehetasun hits aipatu zituen prokuradoreak: «Hezur porroskatzeak agertu dira» biktimaren «kaskezur guzian». «Haustura bat atzeman da, bestalde, matelezurrean, sake barna bat ezkerreko ukondoan, eta esperma izan daitezkeen hatz zurixkak baginan». Biktimaren saihetsean «bainu oihal batean estalirik» mailu bat aurkitu dutela gehitu zuen Bourrierek.

Biktima eskuetarik eta aztal belarrietarik estekaturik aurkitu zuten hoteleko ohean. Prokuradoreak erran duenez, bikotekideak galdekatzaileei erran die emakumeak berak egin zituela esteka horiek, «dominazio sexu-joko» bat zutela eta. Bizkitartean, «korapiloak aldrebes eginik aurkituak izan dira; beraz, handizki gezurtatzen du horrek bikotekideak eman hipotesia». Bigarren galdekatze aldian, gizonak aitortu du «zainak jauzi zaizkiola»; prokuradoreak gizonaren erranak aipatu ditu, baizik eta munstro baten irriak entzun dituela, isilarazi nahi izan dituenak mailua hartuz. Gizonak eman bertsio horrekin jarraitu zuen Bourrierek, baitio jende batzuek ihiztaturik zebiltzala: «Behin, emakumearen bezero ohi bat aipatu du —jakina delarik escort girl gisa ibili zela—; beste aldi batez, Belgikako eta Herbehereetako narkotrafikatzaile mafia».

Bestalde, prokuradoreak esplikatu du biktima erailik aurkitu zuten ostiral goizean gizon batek jakinarazi zuela bikotekidearekin «pataska bat» izan zuela, eta emakumeak «zauri batzuk» bazituela. Ondotik, hoteleko harrera tokira jautsi zela erran du, bikotea arratsalde hasieran joatekoa zela bertatik eta «laranja zuku» bat manatu zuela.

Aurrekariak

Apirilaren 14an Ziburuko eraikin batetik jausi zen emakume bera da hilda topatu dutena. Orduko hartan larri eraman zuten ospitalera; hotel bateko bosgarren solairutik erori zen. Orduan ere atxilotu zuten gizona; emakumearen gela berean zegoen. Kazetak adierazi zuen gizona jadanik «begitan» zuela Poliziak, indarkeria matxistagatik, baina, bi egunez galdeketapean izan ondoren, aske utzi zuten, zaintzapean.

Hamar egun geroago, prokuradoreak esan zuen suizidioaren hipotesia lantzen ari zirela. «Pertsona horrek aurrekari psikiatrikoak eta joera suizidak izan dituela ikusirik, hipotesi horri buruz goaz», baieztatu zuen Bourrierrek. Hala ere, «hilketa saiakeragatik» abiaturiko ikerketa aurrera zihoala esan zuen, zuhurki, «eta oraindik itxi gabea» zela.

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Paris hotela. GUILLAUME FAUVEAU
Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Paris hotela. GUILLAUME FAUVEAU

Zauri larriak izan zituen apirilean emakumeak; besteak beste, gerrialdean. Ospitalean, hil edo bizi egon zen. Medikuek koma artifizialean izan zuten, garuneko kalteetatik babesteko. Handik bi egunera lortu zuten emakumea egonkortzea eta bizirik mantentzea. Geroztik, galdekatu ahal izan zutela esan zuen prokuradoreak, baina ez zutela ezer argirik atera.

Ospitalean egon zen emakumea, joan den asteazkenean desagertu zen arte. Prokuradoreak jakinarazi duenez, egun berean, arratsalde hastapenean, Donibane Lohizuneko Parisko Hoteleko kameren irudietan agertzen da bikotekidearekin, Bourrieren erranetan, «inork beharturik zela erakutsi gabe». 

Urtarriletik begiztatuak

Prokuradoreak adierazi du bikotea urtarriletik etorria zela Ipar Euskal Herrira. Lehenik, Bidarteko bizitegi batean egon zela, gero hotelez hotel ibiltzeko, baizik eta «ihiztatuak» zirelako.

Urtarrilaren 25ean, emakumea Donibane Lohizuneko polizia etxera agertu omen zen buruko zauri bat zuela, baizik eta aizkora kolpe bat eman ziotela. Bere buruaz beste egiteko saio bat aipatuz bukatu omen zuen, prokuradoreak kontatu duenez. Egun berean, bikotekidea Miarritzeko polizia etxera joan zen bikotekidearekiko kalapita bat seinalatzeko. Galdeketa pean atxiki zuten. «Emakume bikotekideak erran zuenarekin bat egiten zuen bertsioa eman zuen», Bourrieren arabera. Gizonari azterketa psikiatriko bat egin zioten karia horretara, baina ez zitzaion aferari segidarik eman, ez baitzen kargurik aurkitu. Azterketa psikiatrikoak ez zion gizonari zentzu arazorik ikusi.

Gizona berriz atxilotua izan zen apirilaren 14ko gertakariaren ondotik. Baina orduan ere libre utzi zuten, haren kontrako frogarik ez zutelakoan. Ziburuko eroriko horren ondotik koman egon zen emakumea, eta komatik aterata galdekatu zuten. Haren orduko erranak aipatu ditu Bourrierek, gizonaren libre uzteko arrazoietarik bat bezala: «Inkestagileek apirilaren 23an entzun zuten. Emakumeak erran zien gertatukoaz oroitzapen guti zuela, baina argiki bikotekidea errugabetzat jo zuen». Fiskaltzak ez zuen urruntze agindurik eman, ondorioz. Hala adierazi zuen atzo Baionako prokuradoreak: «Familia barneko bortizkeria biktima batzuek beren bikotekidea babesten dute batzuetan, eta eraginpean izan daitezke. Zenbait aldiz, babesteko neurriak hartzen ditugu, baina, horretarako, arau hauste bat egina izan dela baieztatzen duten elementuak behar dira».

Erailketagatik auzipetua den bikotekideari berriz azterketa psikiatriko bat egitekoa diotela zehaztu du Bourrierek, ikusteko erailketa denboran burua zuzen zuenetz.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.