Ertzaintzak bi emakume atxilotu zituen atzo arratsaldean Getxon (Bizkaia), prostituitzera derrigortzea, droga trafikoan jardutea, eta horretarako baimenik izan gabe farmakoak saltzea leporatuta. Operazio horretan, abusuzko baldintzetan prostituitzera behartutako hiru emakume gazte askatu dituzte.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, «muturreko ahultasun egoeran» zeuden hiru emakume atzerritar askatu dituzte. Emakume horiek «abusuzko baldintzetan» ari ziren prostituzioan, hirurak 3,5 metro koadroko gela batean pilatuta, eta hara-hona ibiltzeko askatasunik gabe. Atxilotu dituzten bi emakume horietako baten kontrolpean zeuden 24 orduz, eta etxebizitzaren barruan irudia eta soinua grabatzeko kamera bat jarria zieten.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, «biktimek beren zerbitzuen bidez bildutakoaren %50 eman behar zieten arduradunei». Gainera, etxebizitza egunean bi orduz bakarrik utz zezaketen, eta beti prest egon behar zuten bezeroren bat etorriko balitz ere.
Bestalde, atxilotutako bi emakumeek substantzia estupefazienteak eta erekzioaren disfuntzioari aurre egiteko botikak saltzen zizkieten prostituzio zerbitzuak eskatzen zituzten gizonei. Atxilotuak epailearen esku utzi dituzte gaur.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, iazko irailean abiatutako ikerketa baten emaitza izan dira atzoko atxiloketak. Ertzaintzarekin elkarlanean aritu da Getxoko Udaltzaingoa.