13:00ak aldera atera dira egoitzaren aitzinera, 13:55 arte: Hendaiako (Lapurdi) Kontxa Berri osasun zentroko langileek zuzendaritzaren eta administrazio kontseiluaren jokabidea salatu dute. Horien aldarrien jomugan, 100 euroko saria eta urteko negoziazio saioa: alde batetik, langileak irailetik geroz ari ziren zuzendaritzarekin negoziatzen, eta «abenduan gelditu dute dena, esplikaziorik gabe»; bestalde, 100 euroko sari berezia galtzeko arriskuan dira langileak.
Elkarretaratzean azaldu dutenez, konbentzio baten arabera baldintzatuak dira langileen baldintzak, baina «urteak dira konbentzioa ez dela garatu», eta horrek arazo bat sortzen du, «paga biziki apalak baitira eta langile guziak guttieneko soldatan ordainduak baitira». Hots, salatu dute blokeo egoera batean direla zuzendaritzari begira. Hori dela eta, gutun bat bidali diote osasun zentroa kudeatzen duen Itinova elkarteko buruzagitzari.
Grebalariek aitortu dute «zaila dela osasun zentroetan protestak iraunaraztea, pazienteak badirelako zaintzeko». Orduan, eguerdi eta bien arteko tarte hori erabili dute pausa egin eta jendetzat biltzeko; zuzendaritzari mezu bat bidaltzeko. Iragarri dute beste elkarretaratzerik eginen dutela.