Zigor administratiboak, gardentasun handirik gabeko prozedura penala, eta proiektu autogestionatu baten kontrako hamaika akusazio. Zurrunbilo mediatiko eta judizial batean murgilduta daude Euskal Udalekuak iragan irailetik: guraso batzuek salatu zuten Bernedoko (Araba) udalekuetan haurrak eta nerabeak dutxa mistoak erabiltzera «behartu» zituztela, begiraleak ere dutxetan sartzen zirela, eta gaztetxoak familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela bi astez. Udalekuetako hezitzaileek akusazio horiek ukatu zituzten, eta salatu egitasmoaren inguruko «gezurrak eta difamazioak etengabeak» izan zirela. Salaketa haiek bi bide zabaldu zituzten: penala eta administratiboa. Aiert Larrarte eta Onintza Ostolaza abokatuen erranetan, «dena nahasi» da. Auzia zertan den argitu dute abokatuek: «Batetik, eremu administratiboan gertatutakoak aztertzeko bideak irekita daude hala Nafarroako nola Arabako administrazioarekiko auzietako epaitegietan, baina bietan erabaki dute behin-behinean udalekuak ez inhabilitatzea. Bestetik, auzi penala dago».
Auzi penalaren inguruko xehetasunik ez da plazaratu orain arte, baina asteon Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak adierazi du Gasteizko Zigor Arloko 3. Epaitegiak deklaratzera deitu dituela adingabeak eta zenbait begirale.
AIERT LARRARTE: Guk, zuzenean, ez dakigu ezer. Prentsaren bidez jakin dugu hainbat adin txikiko eta hainbat begirale deituko dituztela lekuko gisa, eta besterik ez. Gu kausa horretan oraindik ez gaude pertsonatuta, ez baikara ikertu gisa agertzen; beraz, ez dakigu ezer horri buruz. Dena den, Arabako Diputazioa agertu da esanez asko pozten dela prozedura hau martxan jarri delako. Gainera, adierazi dute beste errekurtso bat jarriko dutela inhabilitazioa berresteko.
Bertze informaziorik baduzue auzi penal horri buruz?
ONINTZA OSTOLAZA: Ikasturte honen hasieran, komunikabideetan agertu zen Euskal Udalekuen kontrako salaketa batzuk zeudela. Hori baino lehen, irailean, Euskal Udalekuei informazio eskaerak iritsi zitzaizkien Arabako Diputaziotik eta Ertzaintzatik, eta zurrunbilo horretan etorri ziren guregana. Geroztik, Euskal Udalekuek epaitegi penalean idatziz azaldu dute prest daudela eta borondatea dutela behar dena egiteko. Lehenengo eta behin, jakiteko zer egoeratan dauden, eta, gero, behar diren azalpen eta argibide guztiak emateko. Izan ere, bereizi egin behar dira udalekuen pedagogiaz edo curriculumaz eztabaidatzea, eta benetan sexu erasorik egon ote den argitzea; Euskal Udalekuak baitira hori argitzeko eta behar den tratamendua emateko interesik handiena dutenak.
LARRARTE: Zehazki, lau saiakera egin ditugu gu ere prozesuaren parte izateko, eta guk azalpenak eman ahal izateko bai entitate moduan, eta baita pertsonalki ere. Ertzaintzaren eta Arabako Diputazioaren bitartez behin, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiaren bidez bi alditan. Guk baitugu interesik handiena auzi honetan zer dagoen jakiteko, eta behar dena egiteko. Erantzun bakarra jaso dugu, epaitegiak berak emana: esan ziguten ez garela ikertuak, eta, noizbait ikertuak baldin bagara, deituko digutela deklarazioa hartzeko. Erantzun horren bidez besterik ere jakin genuen, modua izan baikenuen salatzaileak nor diren ere jakiteko: Hazte Oir, Vox, Manos Limpias eta Abokatu Kristauak.
«Erantzun bakarra jaso dugu, eta modua izan dugu jakiteko salatzaileak nor diren: Hazte Oir, Vox, Manos Limpias eta Abokatu Kristauak»
AIERT LARRARTE Euskal Udalekuen abokatua
Bide penala ez ezik, administratiboa ere hartu du auzi honek. Zer pentsatua ematen dizue bide horretara jo izanak udalekuak zigortu ahal izateko?
OSTOLAZA: Arabako Diputazioak, ezin zituenez erasoei lotutako egitate larri horiek erabili alegatzeko —horiek bide penalari jarraitzen baitiote—, zigor administratiboak erabili zituen udalekuen kontra egiteko. Hau da, lehenengo erabaki zuen zigortzea, eta gero pentsatu zuen nola. Izan ere, zigor administratiboak jartzeko 80ko hamarkadako Gazteriaren Legean oinarritu da, eta, hartan, batere garatu gabe eta oso modu irekian zehatzen da udaleku batzuk egiteko hilabete lehenago jakinarazi behar zaiola horren berri diputazioari.
Hori hutsune administratiboen bila joan diren erakusgarri da. Administrazioak bat-batean esan baitu zigortu egingo duela berarekin inolako loturarik ez duen eta 50 urtean funtzionatu duen udaleku bat, hain zuzen.
LARRARTE: Are gehiago, Arabako Diputazioak adierazten duena zera da: «Ez zenidatenez jakinarazpen hau egin, Arabako Diputazioak ez zekien Bernedoko udalekuak egiten zirenik. Eta, beraz, diputazioak ezin izan ditu haurrak behar bezala babestu». Argi dago aitzakia garbia zela.
Bide administratiboa eta judiziala nahasten ari direla erranen zenukete?
OSTOLAZA: Guztiz. Bai hedabideak eta baita diputazioa bera ere. Arabako diputatua zigorren berri ematera atera zenean, zigor horiek nahasi egin zituen adingabeen arriskuarekin. Baina gogoratu behar dugu zigor hori ez komunikatzeagatik ezarria dela, ez beste ezerengatik.
LARRARTE: Nahita nahasi dira, gainera. Administrazioak ezin du udaleku batzuen jarduna eten sexu delituak izan direlakoan; hori epaile batek ebatzi behar du, ez administrazioak.
«Arabako Diputazioak, ezin zituenez erasoei lotutako egitate larri horiek erabili alegatzeko —horiek bide penalari jarraitzen baitiote—, zigor administratiboak erabili zituen udalekuen kontra egiteko»
ONINTZA OSTOLAZA Euskal Udalekuetako abokatua
Orain arte Bernedo egon da jopuntuan, baina Euskal Udalekuek Abaigarren eta Goñin (Nafarroa) ere antolatzen dituzte udalekuak. Eta horien kontra ere egin dute orain.
OSTOLAZA: Abokatu Kristauak taldeak Nafarroako Gobernuari eskatu dio kautela neurri gisa inhabilitazioak aplikatzeko bi udaleku horiei, baina hark ezetz esan du. Arabako Diputazioak ez bezala, Nafarroako Gobernuak ez du ofizioz horrelakorik egin, eta horrek agerian uzten du Arabako Diputazioak zer helburu politiko izan duen hasieratik. Orain auzibidea sartu du [Abokatu Kristauak taldeak], eta luzea izango da, baina ez dituzte udalekuak inhabilitatu.
LARRARTE: Ez hori bakarrik: prentsaren bitartez jakinarazi da beste prozedura penal bat ireki dela Lizarrako Epaitegian, baina horretara ere ez gaituzte deitu, eta ez dakigu zer salatu den, ez zeinek jarri duen salaketa, ez zeinen kontra. Baina epaitegiek hori ere artxibatu dute.
OSTOLAZA: Egitateak ez baitira penalak.
Epaileak erabaki du errekurtso administratiboa ebatzi bitartean Sarrearen inhabilitazioa bertan behera uztea behin-behinean. Baina, halere, aurten ez da udalekurik egonen Bernedon. Proiektua oztopatzeko estrategiarik egon dela erranen zenukete?
LARRARTE: Gure inpresioa da Vox, Hazte Oir, Manos Limpias eta Abokatu Kristauak taldeek kanpaina mediatiko bat muntatu dutela, komunikabide batzuk buru-belarri sartu direla hor, eta haien diskurtsoarekin bat egin dutela. Arabako Diputazioak ez du nahikoa nortasun eduki salaketa kanpaina horri eusteko, eta administrazioa erabili nahi izan du bere burua babesteko. Guk argi dugu: prozedura administratiboa eta penala ezin dira nahastu, baina Arabako Diputazioak hori egin du Bernedoko kasuan, nahita. Ez dakigu zer gertakari salatu diren zehazki, ez baikara ikerketaren parte, baina horiek epaitegi penalean ebatzi behar dira.