Genero indarkeria. Hilketa Laudion. Inmaculada Garate. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko fiskala

«Prozedura penala da lehena, eta azkenekoa behar luke»

urtzi urkizu
Donostia
2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Genero indarkeriako auziez hiru fiskal arduratzen dira Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Horietako bat da Inmaculada Garate (Azkoitia, Gipuzkoa, 1958).

Laudioko hilketa bezalakoen berri izatean zer gorputz gelditzen zaio bati? Zer lan egin daiteke?

Ez dakit nondik hasi behar den ere. Zortzi urte dira gaiarekin lanean ari naizela. Beti esan dut hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza behar dela. Baina jada ez dakit non dagoen gakoa edo akatsa. Istorio bakoitza ezberdina dela ikusten da. Hilketa guztiak aztertuz gero, ez da zerbait orokorra ikusten. Ez dago hilketa eredu bat. Kasu bakoitzak ez du zerikusirik ondokoarekin.

Kasu gehienetan gizonek hilketa aitortzen dute, beren burua entregatzen dute edo senide bati esaten diote zer egin duten. Zer eragin izaten du horrek prozesuetan?

Bai, gehienetan gizonek hilketa aitortzen dute. Baina aitortzeak soilik ez dakar prozesuaren amaiera. Nahiz eta hiltzaileak delitua aitortu, prozedura osoa egin behar da. Hala baitio zigor kodeak. Benetako frogak epaiketa egunean azaldu behar dira. Egun horretan akusatuak atzera egiten badu, beste froga batzuk hartu behar dira kontuan. Tolosako hilketa baten kasuan, adibidez, gizonak lehen egunetik aitortu zuen delitua. Baina denbora pasatu da, eta orain epaimahai baten esku geldituko da epaia.

Laudioko hilketaren kasuan, gizonak labanaz hil du emakumea. Zer eragin du hilketa egiteko moduak?

Handia. Hilketa zerekin eta nola egiten den garrantzitsua da. Horretarako, auzitegi medikuaren lana kontuan hartu behar da. Auzitegi medikuaren lana oso-oso garrantzitsua da. Berak esango du hiltzaileak labankada edo labankadak nola eman dituen: asko pentsatuz, poliki, pentsatu gabe... Auzi medikuaren txostenarekin ikusiko dugu hiltzaileak hilketa hoztasun guztiarekin, une bero batean, bat-batean, edo nola egin duen. Labana asko sartu duen ala gutxi ere jakingo dugu.

Garai batean tratu txarren kasuak maiz lotzen ziren alkoholarekin. Zuk ikusi dituzun kasuetan hala izan al da?

Ez. Alkoholak bere eragina izango du, baina argi dago alkohol gehiegi edaten duten guztiek ez dituztela tratu txarrak ematen. Alkoholarekin, batzuk gizondu eta berotu egingo dira. Baina mila gauza egiten dira alkoholaren eraginik gabe.

Duela hogeita hamar urte inguru pasio krimentzat jotzen ziren zen halako hilketak. Gaur egun, bestelako testuinguru bat aipatzen al da hilketak aztertzerakoan?

Duela 30 urte eta gaur egun, hilketa horien azpian gauza bera dago: indarkeria eta parekotasunik eza. Garai batean modu batean ikusten zen, eta gaur egun beste modu batean. Gaur egun, gizonak ez du honako hau esaten: «Neurea zelako hil dut». Baina gizonek antzera pentsatzen dute. Deklarazioetan entzuten direnak bide horretatik doaz. Duela gutxiko kasu batean, gizona haserretu egin zen afaria prestatu gabe zegoelako. Eztabaidan hasi ziren, eta azkenean gizonak plater bat buru gainean hautsi zion emazteari. Jabego nahia agertzen da kasu askotan.

Laudioko hilketan, emakumeak ez zuen aurretik salaketarik jarri. Gaur egun, emakume batzuentzat salaketa jartzeak egoera zailtzea ekar al dezake, gizona haserretu eta bortitzago jar daitekeelako?

Neure iritzia emango dut, baina ez legelari gisa. Prozedura penala jarri da lehen tokian, eta egon beharko luke azken lekuan. Laguntza guztiak salaketen menpe daude; hau da, salaketa egiten ez bada, emakumeak ez du laguntzarik. Beraz, emakumeak salaketak egitera behartzen dituzte erakundeek. Askok atzera egiten dute gero, beldurra, dirua edo seme-alabak direla tarteko. Horrek ez du esan nahi salaketa faltsua denik.

Krisi ekonomikoak eta diru faltak izan al dezake eraginik salaketa kopurua gutxitzearekin?

Ziur aski, bai. Azkeneko bi urteetan salaketa gutxiago ikusi ditut. Eragina izan dezake.

Laudioko kasuan ume bat dago tartean. Halako kasuetan zer gertatzen da haurrarekin?

Laudioko kasuan biktimaren senide batekin geldituko dela uste dut. Une honetan ez dago arau berezirik haurrei begira. Legearen hurrengo erreforman haurrak sartuko dira. Amak tratu txarrak jaso baditu, eta haurraren aurrean izan bada, haurra biktimatzat hartuko da. Orain arte ez da hala izan. Bestalde, biktimaren senideek ezin badute haurraren kargu egin, diputazioaren esku gelditzen da normalean.

Salaketekin lotutako aldaketarik izango al da lege berriarekin?

Behin salaketa eginda, ezingo da atzera egin, eta prozeduraamaiera arte eramango da. Baina hauek ez dira matematikak, eta ikusiko da zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.