Amets Martinez de Heredita. Ikusgune behatokia

«Prozesu guztian egon den indarkeria giroak kezkatu gaitu»

RAUL BOGAJO / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Amets Martinez de Heredita (Gasteiz, 1981) Ikusgune behatokiko koordinatzaileak aurrerapauso handitzat jo du legea onartzea, eta eskatu du aurrerantzean egiteko dauden urratsak LGTBI kolektiboarekin elkarlanean egiteko.

Legea aurrera atera da, baina tramitazioa gorabeheratsua izan da. Legea ezbaian ikusi duzu?

Bai, arrisku hori ikusi dugu. Edozein modutan, prozesu guztian egon den indarkeria giroak kezkatu gaitu gehien, eta, behatoki gisa, horretan jarri dugu begirada. Prozesu guztian zabaldu dira gezur asko, trans kolektiboaren kriminalizazioa eta beste, eta espero dezagun legea onartu eta gero giroa lasaitzea.

Zer iruditzen zaizu indarkeria giro horretan modu honetako lege bat aurrera ateratzea?

Aurrerapauso ikaragarria da, genero autodeterminazioa legean sartzea lortu dugulako. Ezin da esan, ordea, trans kolektiboaren eskaera guztiak legean sartu direnik.

Adibidez?

Bidean geratu dira pertsona ez-bitarrak legean sartzea. Lege hau abiapuntu garrantzitsu bat da, baina geratzen dira beste puntu batzuk. Egia da indarkeria giro horretan eskuin muturrak zabaldu dituela mezu batzuk, baina alderdi sozialistatik ere bai. Onartzen dugu alderdi sozialistak LGTBI eskubideetan izan duen ibilbidea, eta mingarria izan da lege honetan trans kolektiboen eskutik ez joatea. Aurrera begira, legea indarrean sartzearekin batera, espero dugu orain arte ezagutu dugun giro transfobo hori atzean geratzea, eta hemendik aurrera elkarlanean aritzea.

Trans iheslarien egoerari gertutik erreparatu diozue, ezta?

Trans migranteak sartu dira legean. Enbaxada eta kontsuletxeetan babesa emango zaie, eta estatuan arlo horri dagozkien eskubideak aitortu zaizkie. Baina, migrante transei dagokienez, Atzerritarren Legean dago arazorik larriena, asiloa ukatzen zaielako. Horri heldu beharko diogu.

Oro har, egoeren sozializazioan arazoak ikusten dituzu?

Legeak garrantzitsuak dira, baina bete egin behar dira, eta, horretarako, borondate politikoa ezinbestekoa da. Gainera, horrelako lege bat aurrera ateratzeko, ezinbestekoa da LGTBI kolektiboekin elkarlanean aritzea. Guretzat, ohikoa da ikustea esku batekin ematen diguten eskubidea gero bestearekin kentzen digutela. Adibidez, erakundeek LGTBI kanpainak egiten dituzte, eta, gero, Opuseko hezkuntza zentroak diruz laguntzen dituzte.

Legearen beste punturen bat nabarmenduko zenuke?

Konbertsio terapien debekua jasotzen du legeak, eta hori ere oso garrantzitsua da. Genero identitatea edo sexu orientazioa heterosexualizatzea helburu duten terapiak dira. Legeak debekatu egiten ditu, eta isun administratiboak jasotzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.