Santurtziko PSE-EE taldeko bozeramaile Juan Andradesek EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolari erantzun dio, hark sozialistak estu hartzeko egindako adierazpenen ondoren. «Ansolak ez dit esango niri zer egin behar dudan», esan du Andradesek PSE-EEk kaleratu duen bideo batean. Santurtziko alkate Karleme Tubilla jeltzaleak dimisioa eman eta gero, EAJk alkatetzari eutsi nahian dabil, eta PSEren babesa eskatu du, Tubilla gutxiengoan gobernatzen ari baitzen.
EAJren ondoren EH Bildu da zinegotzi gehien dituen alderdia Ezkerraldeko udalerri handi horretan —Bizkaiko bosgarren herri populatuena da—, bozen irabazleak baino zinegotzi bat gutxiago baitu soilik. Ansola PSE-EEri zuzendu zitzaion atzo, akordio bat lehenbailehen egiteko, Santurtzik EAJren esku jarrai dezan. Akordioa lortzeko eskaerarekin batera, baina, gogorarazpen bat ere egin zuen BBBko buruak: EAJk eta PSE-EEk itun estrategiko orokorra dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erakundeak gobernatzeko. Bada, Santurtziko PSE-EEk ziurtatu du udalez gaindiko itunak ez dituela aintzat hartuko.
Sonia Lopez Santurtziko Segurtasun zinegotzi ohia udaleko ikerketa batzordean aritu zen atzo. Udaltzaingoaren lan eskaintza publiko bateko azterketa baten filtrazioa ikertzen ari da batzorde hori. Lopezek dimisioa eman behar izan zuen, ustez filtrazio horretan ardurak izan zituelako, bere bikotekideari —udaltzaina bera— mesede egiteko. Lopezek ukatu egin du, ordea, filtrazioari dagokionez erantzukizunak dituela. «Frogarik gabe akusatu naute; ez dut halakorik egin», esan zuen: «Ez dut azterketa esku artean eduki, eta ez naiz aritu inoren alde».
Trapagaranen itzala
Baina alkateak dimisioa eman eta hiru ordura egindako deklarazioak arrasto handia utzi du, zinegotzi jeltzale ohiak ziurtatu baitu «presio politikoak» jaso zituela udaltzaingoaren lan eskaintza publikoan «soslai jakin batzuen alde» egiteko. Lopezen hitzetan, agindu horiek betetzeari uko egin zion, eta adierazi du dimisioa eman behar izan zuela erabaki horren ondorioz.
«BBBko presidenteak ez dit esango niri zer egin behar dudan»
JUAN ANDRADES Santurtziko PSE-EEko eleduna
Santurtziko PSE-EEren iritziz, gertatutakoa «uste zen baino askoz ere larriagoa» da, eta «orain» ulertu dute zergatik eman duen dimisioa Tubilla alkateak «hain azkar». PSE-EEko eledun Andradesek ziurtatu du Lopezen arabera «udal gobernuko kide guztiak» zeudela jakinaren gainean filtrazioaren aferaz. Horrek esan nahi du, sozialistek azaldu dutenez, «EAJko zinegotzi guztiak inhabilitatuta» daudela «Santurtziko Udala gidatzeko».
EH Bilduk, berriz, helarazi du «norbait gezurretan» ari dela, Tubilla alkate ohiaren bertsioa eta Lopez zinegotzi ohiarena «oso desberdinak» direlako. Koalizioak bere alkategaia aurkeztuko du alkatea aukeratzeko udalbatzan.
EAJ ari da Santurtziko Udala gobernatzen, gutxiengoan, eta salbuespentzat jo daiteke EAJk eta PSE-EEk egindako itun orokor horretan. Baina Santurtziko egoerak badu lotura Bizkaiko beste udalerri batean gertatzen ari denarekin. Trapagaranen, aginte makila ezustean aldatu zen eskuz, 2023an, eta, urte askoan jeltzaleek eduki ondoren, PSE-EEk hartu zuen. Ordutik, egoera politikoa ez da erraza izan Trapagaranen, sozialistak gutxiengoan ari baitira gobernatzen han, jeltzaleen oposizio gogor bat aurrez aurre dutela. Hori horrela, Trapagarango egoera bideratuko balitz, baliteke azkenerako Santurtzin ere PSE-EEk babesa ematea EAJri, jeltzaleek aginte makila izaten jarrai dezaten Tubillaren agurraren ondoren ere.
Santurtziko PSE-EEk esan du azken hiru urteetan bezala jarraituko dutela lanean, eta «soilik bizilagunen interesen alde» ariko direla: «Ez ditugu interes partikularrak lehenetsiko». Andradesek oso argi esan du Santurtziko Udalak ezin duela egon beste itunen menpe. «Alderdiaren babesa sentitzen dugu auzi honetan». EAJk ere, Trapagarani buruzko informazioak kaleratu ondoren, bi udalerrietako egoerek ez dutela loturik azpimarratu dute.