PSE-EEk eten egingo du Urtxuegiaren militantzia

Lasarte-Oriako alkate ohiak hemezortzi urte inhabilitatuta egotea eta isun bat ordaintzea adostu du fiskaltzarekin eta akusazio partikularrekin

Ana Urtxuegia, artxiboko irudi batean. GORKA ESTRADA / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) alkate ohi Ana Urtxuegiaren militantzia etengo du Gipuzkoako PSE-EEk. Hala jakinarazi dute sozialistek. Izan ere, Urtxuegiak aitortu du Nikaraguara bideratutako udal funtsekin prebarikatu zuela eta funts haiek bidegabe erabili zituela. Hemezortzi urte inhabilitatuta egotea eta 2.160 euroko isuna ordaintzea adostu du fiskaltzarekin eta akusazio partikularrekin. Ez dute, ordea, espetxean sartuko, ez delako baieztatu delitu horien bidez bera «aberastu» zenik. Akordioa Gipuzkoako Auzitegiak berretsi beharko du orain, Urtxuegiaren aurkako ahozko epaiketa bertan behera geratzeko.

Gipuzkoako PSE-EEk adierazi du duela bi aste ekin ziola militantzia eteteko kautelazko prozedurari, hiru aldeen akordioaren berri izan ostean. Gaineratu dute Gipuzkoako Auzitegiak akordioa berretsi ondoren etenaraziko dutela behin betiko Urtxuegiaren militantzia.

Lasarte-Oriako EH Bilduren arabera, «urteetan zurrumurrua zena frogatu da». Koalizio subiranistak «pozez» hartu du Somoto auziari amaiera emango dion akordioa, eta gehitu azken urteetan egindako lanaren ondorio izan dela. Udalerriko PSE-EEk, berriz, amaitutzat jo du afera, erabaki judiziala «errespetuz» onartuta. Are gehiago, sozialistek adierazi dute udal gobernutik zein oposiziotik lan egin dutela auzia argitzeko: «Lasarte-Oriako gobernu sozialistak, 2010ean, kanpoko auditoria bat kontratatu zuen Deloitte enpresarekin, bere fiskalizaziorako, eta kudeaketa hartan administrazio irregulartasunak egin zirela onartu zuen ikerketa batzorde baten eraketa eragin zuen hark».

Izatez, 2010ean, Urtxuegiak alkatetza utzi zuen 24 urteren ostean. Beste kargu publiko batera jauzi egiteko utzi zuen, Patxi Lopezen gobernuak Eusko Jaurlaritzako SPRI erakundeko Txileko eta Peruko ordezkari izendatu baitzuen.

Kasu hartan, PSE-EEk eta PPk zuten gehiengo osoa baliatu zuten txosten batean ondorioztatzeko alkate ohiak ez zuela deliturik egin diru laguntzekin lotuta; nahiz eta onartu zuten kudeaketa ez zela legezkoa izan. Oposizioak, ordea, ez zuen harekin bat egin, eta, protesta gisa, osoko bilkuratik alde egin zuen bozketan.

Udal bozen osteko ordezkari aldaketarekin, EH Bilduk, EAJk eta Lasarte-Oriako Herritar Plataformak berriz heldu zioten auziari. Orduan, Zubizarreta Consulting taldeak ondutako txosten batek «irregulartasun ugari» atzeman zituen auzian, eta udalak auzitara eraman zuen afera. «Alkatetzarenak ez diren zenbait eskumen erabili zituen Urtxuegiak urte horietan: lokal bat erosi, ondasunak eman, lan kontratuak sinatu... Hori guztia prozeduratik kanpo egin zen», adierazi zuen orduko alkate Pablo Barriok (EH Bildu).

Hala, 2015ean, Urtxuegia inputatu gisa deklaratzera deitu zuen Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiak. Auto batean, epaileak adierazi zuen «irregulartasun formalak» egin zirela, proiektu lagunduetako «zati garrantzitsuak» ez zirela justifikatu eta «funts publikoak modu ilunean desbideratu» zirela; beraz, baziren «nahikoa zantzu eta arrazoi» prozedura abiatzeko. Halere, auzia artxibatu zuen behin-behinean, Nikaraguaren kolaborazio judizialik gabe aurrera egiteko zailtasunak argudiatuta.

Udalak helegitea jarri zion erabakiari, EH Bilduren, EAJren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin, eta 2021eko maiatzean Gipuzkoako Auzitegiak berriz ireki zuen auzia; orain arte martxan egon dena.

Bi milioi euro

Somoto Nikaraguako hiri bat da, 35.000 herritarrekoa; Hondurasko mugatik gertu dago, eta Lasarte-Oriarekin senidetuta dago. Lasarte-Oriako Udalak bi milioi euro baino gehiago eman zizkien udalerri hartako hiru erakunderi —LOSSB Lasarte-Oria-Somoto Senidetzearen Bulegoa, Asodecom eta Somotoko alkatetza— 2000 eta 2009 bitartean, garapenerako proiektuak sustatzeko diru laguntza gisa. Funts publiko horien erabilera, baina, ezbaian jarri zuten oposizioko alderdiek.

Argitaratutako informazioaren arabera, LOSSB entitateak ez zuen izaera juridikorik ere; 2008an desegin zen, eta, haren ordez, Somoto fundazioa eratu zuten bi udalerrietako alkateek. Asodecom elkarteari emandako dirua, berriz, Somotoko enpresaburu handiak aberasteko erabili zela argitaratu zuen Diagonal aldizkariak, eta gehitu Somotoko alkate eta Urtxuegiaren bikotekidea zela haren arduradun nagusia. Noticias taldeko egunkariek, berriz, 2011n argitaratu zuten Urtxuegiaren izenean zeuden sei lursail eta higiezin topatu zituztela Somoton; tartean, milioi bat metro koadroko etxalde bat.

Urtxuegia, 1986tik 2010era Lasarte-Oriako alkate izateaz gain, Espainiako senatari eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide ere izan zen bere agintaldian. Txileko eta Peruko SPRIren ordezkari moduan, berriz, hiru urte egin zituen, 2010etik EAJ agintera iritsi bitartekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.