Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

PSE-EEk ohartarazi du lortutakoa «ahanzturaren estoldetan» galtzeko arriskua dagoela

Eneko Anduezak azpimarratu du Sanchezen gobernua izan dela «Espainiako historian egon den onena». Patxi Lopezek PPri egotzi dio eskubideak «saltzen» ari dela boterea lortzeko.

PSE-EEk gaur Barakaldon (Bizkaia) egindako ekitaldia. AMAYA DIAZ-EMPARANZA
Edurne Begiristain.
2023ko uztailaren 8a
13:35
Entzun

PSE-EEk hauteskunde ekitaldia egin du gaur goizean Barakaldon (Bizkaia), eta han izan dira Eneko Andueza idazkari nagusia, eta Patxi Lopez eta Maria Guijarro Kongresurako Bizkaiko hautagaiak. Mezu argia helarazi dute hirurek: eskuinak eta ultraeskuinak boterea eskuratuz gero, lorpen sozialetan atzera egiteko arriskua dagoela. Espainiako Gobernuak azken urteetan eskubideak zabaltzeko egindako lana goratu du Anduezak, eta, besteak beste, aipatu egin ditu mendekotasuna duten pertsonen zaintza, klima aldaketaren aurkako borroka, «aniztasunarekiko» errespetua eta Eutanasiaren Legea. «Ez dugu onartuko lortutako guztia ahanzturaren, gorrotoaren eta indargabetzearen estoldetan gal dadin, eskuinak eta ultraeskuinak nahi duten moduan», ohartarazi du.

PSE-EEko idazkari nagusiak esan du sozialistek oraindik «amaitu gabe» dagoen proiektu bat dutela Espainiarentzat, eta pertsonen bizitza «duintzeko» helburu argia duela. «Ziurrenik, PSOEren gobernua Espainiako historiako gobernurik onena izan da. Herritar guztiak babestu dituen alderdia gara, krisi baten erdian Espainia Europako buru izatea ahalbidetu duena, pentsiodunen alderdia gara, langileen alderdia gara, emakumeen alderdia, ikasleak, gazteak, nahi duzuna maitatu eta nahi duzunarekin ezkondu ahal izatea bermatzen duen alderdia gara» adierazi du.

Buruzagi sozialistaren esanetan, PSOEk irabaziko ditu hauteskundeak, eta gogorarazi du PPk ultraeskuinaren babesa bilatu duela behar izan duenean, Extremaduran (Espainian) egin zuen bezala. PPren eta Voxen arteko aliantzaz ohartarazi du Anduezak: «Herri honetako herritarrei sinestarazten saiatzen ari dira behartuta egin dituztela akordioak ultraeskuinarekin ehunka udal eta autonomia gobernuetan, baina ez dute sinesgarritasunik. Haur bat besoetan hartuta baino erosoago daude». Horrez gain, EAJri eta EH Bilduri abstentzioaren «hipotesi faltsua» elikatzea aurpegiratu die, PSOEren sinesgarritasuna murrizten saiatzeko.

Bestalde, Patxi Lopez Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak deitoratu egin du PPk boterea lortzeko «eskubideak saldu» izana. «Voxekin itunak eginez, euren printzipioak besaulkien truke aldatzen ari dira. PP Voxen programa eta printzipio erreakzionarioak irensten ari da». Lopezen esanetan, hori dena da uztailaren23ko hauteskundeetan jokoan egongo dena. Lopez ziur agertu da PSOEk irabaziko dituela hauteskundeak, «indarkeria matxista, larrialdi klimatikoa edo LGTBI banderak kentzen dituztenen aurrean». Hala, «boto aurrerakoia» mobilizatzeko deia egin du, etxean geratuz gero, eskuin muturreko aliantzak lortutako guztia «zapuztuko» duelako.

UPNren boto emaileei eskaera
Bestalde, Iruñean mintzatu da Santos Cerdan PSNren Kongresurako zerrendaburua, eta dei egin die «PP ultraeskuineko gobernu bat babestearekin ados ez dauden» UPNren boto emaileei PSNri botoa eman diezaioten. Hurrengo bozetan «hogei urte atzera egiteko» arriskua dagoela ohartarazi du Cerdanek, eta ezinbestekotzat jo du azken lau urteotan lortutako eskubideei eustea, «PPk eta Voxek zapaldu ez ditzaten».

Voxen hauteskunde programa «erostea» aurpegiratu dio PPri, eta ildo horretan UPNri galdetu dio ea prest egongo den PPren etaeta Voxen gobernu bati babesa emateko «Ziur nago Nafarroan UPNko boto emaile asko ez daudela ados Espainian eskuina eta ultraeskuina hartzen ari diren noraezarekin», ziurtatu du Cerdanek. Hala, UPNko boto emaileei eskatu die «ongi pentsatzeko» nori emango dioten botoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.