PSE-EE pauso bat gerturatu zaio Eusko Jaurlaritzari, hizkuntza politikaren alorrean. Udan Idoia Mendiak gogor kritikatu zuen Euskararen Agenda Estrategikoa, eta euskara sustatzera diru gehiegi bideratzen zela esan zuen, besteak beste. Jose Vicente Reyes legebiltzarkideak, ordea, PSE-EEren jarrera baretu du. Jaurlaritzak hizkuntza politiken gidalerroa garatzera bideratuko duen diru saila «aipagarria» dela zehaztu arren, horren «erabilera eraginkorrean» jarri du arreta nagusia.Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, atzo. Baina EAJren babesa kenduta, 2016. urtera arteko hizkuntza politikak zehazten dituen egitasmoak ez zuen bidelagun argirik topatu. PSE-EE izan zen, hala ere, gertutasun handiena azaldu zuen alderdia. EH Bilduk eta PPk Jaurlaritzaren hizkuntza politika kritikatu egin zuten. Nork bere zioekin.
Reyesek argudiatu zuen Euskararen Agenda Estrategikoak proposatzen dituen ekintza gehienak «adostasunean» oinarrituta daudela; Euskara 21 txostenean eta Euskara Sustatzeko Ekintza Planak proposatutakoen ildotik doazela oroitarazi zuen. Nolanahi ere, argibideak eskatu zizkion Patxi Baztarrikari informazio eta komunikazio teknologiei emandako garrantziaren inguruan, besteak beste. «Ez dute adostutako esparrua ezbaian jartzen, baina horrek ez du esan nahi dena onargarria denik».
EH Bilduko legebiltzarkide Xabier Isasik deitoratu zuen Eusko Jaurlaritza gero eta adostasun gutxiago lortzen ari dela hizkuntz politikaren alorrean legegintzaldiak aurrera egin ahala. «EH Bilduren ustez, ondo zegokeen agintaldi hasieran halako agenda bat aurkeztea; orain aurkeztea propaganda ekitaldia da». Baztarrikak, berriz, «jarrera eraikitzaileagoa» eskatu zien adostasunak lortzeko, eta elkarlanerako deia egin zien EH Bilduko ordezkariei.
Iñaki Oiartzabal PPko legebiltzarkideak ere desadostasuna agertu zuen Euskararen Agenda Estrategikoarekin. «Ez dut partekatzen ez orientabidea, ez planteamendua, ezta bideratutako dirua ere». Are gehiago, euskara erabiltzen dutenen datuei erreparatuta orain arteko politika «hertsatzaileen» emaitzak kritikatu zituen. Bide batez, «porrot» horren erantzuleak eskatu zituen. Batxilergoan eta Lanbide Heziketan B eredua sartzeko egitasmoak ere zeresana eman zuen legebiltzarrean. Reyesek hori onartuko duen dekretuaren dataz galdetu zion Baztarrikari, eta sailburuordeak erantzun zion datorren ikasturterako prest egongo dela.
Baztarrikak, gaztelaniaz
Legebiltzarreko batzordeko eztabaidaren bi unetan —bietan Oiartzabali mintzatzen ari zitzaiola— Patxi Baztarrikak euskaraz hitz egiteari utzi eta gaztelaniaz hitz egin zuen. «Hizkuntza aukeratzeko askatasuna balia dezakegu hizkuntzen elkarbizitza besarkatzeko, edota elkarbizitza hori ez sustatzeko».
PSE, hizkuntza arloan, Jaurlaritzari arrimatuta
Euskararen Agenda Estrategikoa irmo kritikatu dute EH Bilduk eta PPk Eusko Legebiltzarrean.Patxi Baztarrikak kritikoei aholkatu die «jarrera eraikitzaileagoak» izateko, adostasunetara heltzeko bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu