PSE nazioarteko biltzarrera joango da azkenean, «bakean lagun dezake eta»

Pastorrek iragarri du PSEren ordezkaritza bat joango dela konferentziara; Jaurlaritzak, berriz, ez du parte hartuko ekitaldianCCOO eta UGT sindikatuek baieztatu dute Donostiako ekitaldira joango direla

edurne begiristain
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
PSE-EEk parte hartuko du azkenean Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Donostian egingo den nazioarteko konferentzian. Hala baieztatu zuen atzo Jose Antonio Pastor alderdiko bozeramaileak. «Bakea lortzeko pauso guztiak aintzat hartzeko modukoak» direla uste du Pastorrek, eta asteleheneko konferentzia bakea lortzeko «lagungarri» bada bertan izan behar dutela esan zuen. «Garrantzitsua iruditu zaigu bertan egotea», adierazi du.

PSE-EEk ordezkaritza bat bidaliko du biltzarrera, baina oraindik ez du zehaztu alderdiko zein joango den. Zuzendaritzaren erabakia jakin aurretik, Jesus Egiguren PSEko presidenteak baieztatu zuen konferentzian parte hartzeko gonbidatu dutela, eta «modu pertsonalean» joan egingo dela.

PSE-EEren zuzendaritzak atzo goizean egindako bileran hartu zuen konferentziara joateko erabakia, eta horren berri eman zuen Pastorrek ostean, Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan. Lehenago, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak Radio Nacional Espainiako irrati katean adierazi zuen sozialistak ez zirela egongo konferentzian, baina ondoren, iritzia aldatu zuen alderdiak, eta ordezkaritza bidaliko zuela iragarri zuen. «Artean zuzendaritzako bilera egiteke genuen», esan zuen Pastorrek, Arriolak egindako adierazpenak azaltzeko.

Donostiako konferentzia bake bidean lagungarri izan daitekeela uste du PSEk, baina jarrera «argiarekin» joango da bertara. Alderdiak «argi eta garbi» azalduko du zein den indarkeriaren arazoaren gainean duen jarrera, Pastorrek azpimarratu duenez. PPk konferentziara ez joateko eskatu die sozialistei, baina Pastorrek erantzun du alderdiko politika PSEren zuzendaritza organoek zehazten dutela eta ez PPk.

Alderdi sozialista bake konferentzian izango bada ere, Eusko Jaurlaritzak berretsi du ez duela bertan parte hartuko. Patxi Lopez lehendakaria ez da joango biltzarrera; atzo bertan abiatu zen AEBetara bidaia ofizialean, hainbat enpresarirekin, eta hilaren 22ra arte izango da han. Eusko Jaurlaritzak, hala ere, ez du beste ordezkaririk bidaliko konferentziara, Idoia Mendia gobernuko bozeramaileak atzo baieztatu zuenez. Mendiaren esanetan, Jaurlaritzak ez du gonbidapen ofizialik jaso konferentziara joateko, eta hortaz, ez du parte hartuko. Nolanahi ere, gobernuko eledunak azpimarratu du bakea lortzeko ahalegin guztiak «ongi etorriak» direla beti, baina bakea lortuko bada euskal gizartearen lanari esker izango dela.

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren ustez, berriz, bakeak aurrera egingo du «konferentzia egin edo ez», eta horretarako ezinbestekoa da ETAk armak utziko dituela iragartzea. Konferentzia hori, gainera, «totem» bat bihurtu nahi izatea alboratu du Hezkuntza sailburuak. «Bakea lortzeko ezinbestekoa da ETAk desegitea edo armak uztea erabakitzea. Hor dago gakoa», esan du.

PSEk ez ezik, CCOO eta UGT sindikatuek ere baieztatu egin dute konferentzian izango direla. Joan den asteleheneko aurkezpenean azaldu zuten nazioarteko eragileez gain bertako alderdi eta sindikatuek ere parte hartuko dutela. ELAk eta LABek iragarri dute joango direla, eta UGT sindikatuak esan du Raul Arza Antolaketa idazkaria joango dela. CCOO sindikatuko nor joango den ez dute zehaztu oraindik.

Diplomaziaren ahalegina

Bestalde, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari Iñigo Urkulluk adierazi du asteleheneko konferentzia garrantzitsua izango dela, erakutsiko duelako nazioarteko diplomaziaren «ahalegin bat» dagoela euskal auziari irtenbidea emateko. «Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk egongo ez den arren, atzerriko pertsonalitateak eta horien artean Europako Batasuneko estatu kideetan gobernu ardurak izan dituztenak egoteak esan nahi du ahalegin diplomatikoa dagoela pertsonalitate batzuek muga edo arazorik gabe parte hartzeko aukera izan dezaten».

Urkulluk uste du lehendakariak edo Jaurlaritzak parte hartu beharko lukeela konferentzian, bertan izango diren hainbat pertsonaren «konpromisoa» ikusirik, «itxaropenari» ateak zabalduko dizkiolako biltzar horrek. Hala, konferentziatik «denen arteko planteamendu bat» irtetea espero du Urkulluk, «ETAri esateko honek behingoz amaitu behar duela».

Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak ere espero du konferentzia ETAren amaierarako «gakoa» izatea. «ETAren garaia azkenetan dago» eta asteleheneko ekitaldiaren ostean talde armatuak behin betiko amaitu beharko luke, haren irudiko.

PP, berriz, Nazioarteko Konferentziaren aurka agertu da, berriro ere. «ETAren historia kriminalari zilegitasuna eman nahi dio, eta terrorismoaren biktimentzat umiliagarria da», salatu du Alfonso Alonso Arabako PPko presidenteak. Alonsok uste du Bilduk antolatu eta babestu duela Donostiako ekitaldia. «ETAri propaganda» egiteko balio izango duela eta «demokraziarentzat atzerapausoa» izango dela iritzi dio PPko buruak. «KAS alternatibaren, autodeterminazioaren, amnistiaren eta ETA-Batasunaren betiko hitzen aurkezpena izango da, ziurrenik».

Bestalde, UPDri ez zaio gustatu PSEk ekitaldian parte hartzea. Gorka Maneiro legebiltzarkidearen ustez, «ezker abertzalearen gezurrak bere egiten ditu PSEk» konferentzian parte hartuz. «Sozialistak erabat erotu dira», esan du. Gainera, PSEren jarrera «susmagarria» dela iritzi dio Maneirok, biltzarrak «gatazka politikoaren» ideia babesten duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.