PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak abisu argia eman du PP eta Vox Moncloara iristeak ekarriko lituzkeen ondorioen inguruan. Eskuin muturra Espainiako Gobernuan sartzeak «polarizazio handiagoa» ekarriko luke, Anduezaren arabera, eta, jokaleku horretan, «nazionalistek eta bereziki ezker abertzaleak» subiranismoaren aldeko apustua egingo lukete. «PPk eta Voxek Moncloako atea gurutzatzen badute, ezker abertzaleak plazara aterako du berriz proiektu independentista», esan du PSEko buruak. «Elkarrekin aurrera egiten duen Euskadi bat» nahi dutela azaldu du Anduezak, «hitz eginez eta eskua zabaldurik».
Uztailaren 23ko bozetarako PSE-EEren zerrendaburuak aurkezteko ekitaldian aritu da Andueza. Dani Senderos, Patxi Lopez eta Rafaela Romero izango dira zerrendaburuak Espainiako Kongresurako: Senderos Araban, Lopez Bizkaian eta Romero Gipuzkoan. Ultraeskuindarrak Madrilgo gobernura iristen badira zer egoera sortuko den azaltzen jarraitu du Anduezak: «Batzuk beren pareten barruan itxiko dira, beren proiektu baztertzaileak babesteko, beste proiektu baztertzaile batekin konfrontazioan aritzeko, muturrek elkar elikatzen baitute».
PSOE ala PP-Vox, besterik ez
PSEko idazkari nagusiak erantsi du euskal herritarrek «gauza asko» dituztela jokoan uztaileko bozetan.«Ez dadila inor despistatu: eskuinak irabazten badu eskuin muturraren laguntzaz, Euskadik galdu egingo du». Besteak beste, «murrizketen arora itzultzea» ere badagoela jokoan esplikatu du Anduezak, «gure bizitzaren kalitatea».
Adierazi du boto emaileek bi aukera dituztela uztailaren 23ko bozetarako: PSOE ala PP-Vox. «Baliteke uztailaren 24a berandu izatea. PSOEren gobernua atera dadin lortzeko berme bakarra PSOE babestea da. Ez dago beste biderik, beste bidezidorrik, beste boto paperik».