Nafarroako Gobernuak egindako eta finantzatutako herri lanak ikertzeko batzordeko presidente Irati Jimenez kezkaturik azaldu da gaur, ez dituztelako jaso ganberak zenbait erakunderi eskatutako agiriak. Kexa bera azaldu dute EH Bilduko eta PSNko eledunek ere, eta horren atzean egon daitekeenari ere erreparatu diote: batzordearen jarduna «edukiz husten» saiatzen ari direla uste dute.
Ikerketa batzordeak 99 informazio eskaera egin zituen udan, baina ez ditu esperotako erantzunak jaso. Nafarroako Ogasunak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak agiri eskaera horiek gehiago arrazoitzeko erantzun diote ikerketa batzordeari. Horrez gain, Espainiako Auzitegi Gorenak erantzun du ez duela informazio ofiziala igorriko Iruñeko ganberara. Erabaki horren berri, baina, hedabideen argitalpenen bidez jakin dute batzordeko kideek, Jimenezek (EH Bildu) salatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalak, berriz, azaldu du fiskala dela Nafarroako Parlamentuaren txostenen eskaeraren aurka dagoena, eta aldeei helegiteak jartzeko aukera eman die. Bada, Jimenezek eskatu die auzian eragile gisa dauden talde parlamentarioei «Nafarroako Parlamentuaren interesak defendatzeko» helegiteen bidez.
Batzordeko presidenteak azaldu du abuztuko lehen astean igorri zituztela informazio eskaerak eta oraindik ez dutela informazio ofizialik jaso. Irailaren 15era arteko epea dago Nafarroako Ogasunak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak batzordeak eskatutako agiriak bidal ditzaten, betiere Nafarroako azken urteotako adjudikazio publikoak ikertzeko, Cerdan auziari loturik. «Badago denbora oraindik, baina egoera kezkagarria da», esan du Jimenezek.
Hain zuzen, gaurko Bozeramaileen Batzordearen ondoren ahoan hartu dituzte eledunek ere ikerketa batzordearen ingurukoak. PSNko bozeramaile Ainhoa Unzuk helarazi du ganberako batzordeak ezin duela bere lana egin Espainiako Auzitegi Gorenak uko egin diolako Parlamentuak eskatu dion informazioa emateari, eta «sinestezintzat» jo du ukazio hori. «Ezin dugu batzorde bat egin soilik espekulazioekin eta Guardia Zibilaren filtrazioekin». Gogoratu du Nafarroako Parlamentuko batzordea «Auzitegi Gorenaren filtrazioen» ondorioz sortu zela hain justu, eta «prentsan azaldu diren informazioek» eragina izan dutela. Nafarroako presidente Maria Txibitek sarritan azpimarratzen duena nabarmendu du adjudikazioei begira: «Orain arte jakin duguna aintzat hartuta, ez dago Nafarroari eragiten dion ezer: ez obrarik, ez kontraturik; ezertxo ere ez».
EH Bilduko bozeramaile Laura Aznal ere kezkaturik azaldu da parlamentuko ikerketa batzordeak jaso dituen ezezkoak direla eta, erakundeei informazioa eskatu dietenean. «Gaizki hasi gara. Ikerketa batzordea edukiz husten saiatzen ari dira batzuk». Aznalek esplikatu du batzordeak «informazio zuzena» behar duela ikertzeko, «eta baldintza egokiak». Aurreratu du batzordean bertan aztertuko dutela zer aukera dauden uko horiei aurre egiteko, «defendatu beharra baitago Nafarroako Parlamentuko batzordeak ikertzeko duen eskubidea».
Ikerketa taldearen jardunaren norabideari erreparatu dio, berriz, Geroa Bai-ko bozeramaile Pablo Azkonak. Esan du ikerketaren abiapuntua Belateko obrak izan beharko lukeela. «Bizirik dagoen horretatik hasi behar dugu, horrek eragiten baitio gehien gobernuari, kopuruan eta kualitatiboki. Zalantza guztiak argitu behar dira».
Txibite, jomugan
Bestelakoa izan da UPNko eledun Javier Esparzaren jarrera, bere agerraldia baliatu baitu Txibiteren aurkako kanpainan beste akusazio bat gehitzeko. Esparzaren hitzetan, Txibite «PSOEren iturgina» da, eta «dena estaltzen saiatzen ari da» bere jarrerarekin. «Momentuz, Txibite iturginak bere lana egin du, eta lortu du bere burua babestea eta baita Ramon Alzorriz, Elma Saiz, Javier Remirez eta Jose Luis Arasti ere. Horiek denek ez dute deklaratuko Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean», esan du tonu gogorrean. UPNko eledunak azpimarratu du Txibitek esana duela ez duela arazorik Parlamentuan aritzeko adjudikazioen inguruan, deitzen baldin badute. «Zergatik ez dator, berak hala eskatua? Edo zergatik ez dio eskatzen PSNri bere izena jartzeko zerrendan?», galdetu du.
Hain zuzen, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak Txibitek deklaratzeko eskaerari ezezkoa eman ostean, UPNk Espainiako Senatuko batzordean erregistratu zuen eskaera, eta PPren babesa jaso du hura aurrera ateratzeko. Auzi horren inguruan galdetuta, Unzuk berretsi du Txibite «beti» dagoela «Parlamentuaren esanetara». Gogoratu du Nafarroako Parlamentura joan dela azalpenak ematera hala eskatu dioten bakoitzean. Baina Txibite ez da egongo ikerketa batzordean, eta PSNko eledunak azaldu du «talde politikoen erabakia» dela hori, «ikerketaren lehen fase honetarako». «Nafarroako presidentea ez joatea egoki» jo zutela esan du. Eta erantsi du zabalik dagoela «geroago» presidenteari deitzeko aukera.
Aznalek ere adierazi du Txibite ikerketa batzordean aritzeko aukera ez dela itxi. «Erabaki guztiak ikerketa batzordean hartuko dira, eta zerrenda ez dago itxita. Txibite edo beste edozein pertsona bertara deitzea egoki ikusiz gero, azalpenak ematera etorriko dira».