Burlatan agintean den koalizioak, Navarra Sumak, euskara beharrezko duen lanpostu bat atera du oposizio lehiaketara. Lan Harremanetarako eta Arrisku Prebentziorako teknikari postua da, eta beharrezkoa da euskarazko C1 maila izatea. Erabakia, ordea, ez da PSNren gustukoa izan. Alderdiko antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizen esanetan, "lehen mailako haerritarrak eta bigarren mailakoak" bereizten ditu erabakiak, "hizkuntza tituluen" arabera. Nabarmendu du "inkoherentea" dela orain arte UPNk —Navarra Suma koalizioko kide nagusia— izaniko ildoarekin. Izan ere, Navarra Sumak, besteak beste, D ereduko eskola liburuak "aztertzeko" eskatu du, eta atzera eraman nahi du Iruñeko Udaleko hizkuntza politika, euskararen ordenantza 1997ko parametroetara itzularazteko.
Alzorrizek azaldu du euskara "merezimendu" gisa ebaluatu behar dela, eta ez "oztopo" gisa. PSNko kidearen arabera, orain UPN ari da zailtzen euskaraz ez dakiten herritarrak administrazio publikora sartzea: "Injustizia bat da" garapen profesionalerako. Hori bai, azaldu du eurek euskara babesten dutela, "ondare kultural eta Nafarroako hizkuntza propio gisa".