POLITIKA

PSNk Lizarrako idazkari nagusia kanporatu du

Udalean Navarra Sumaren aurkako zentsura mozio bat aurrera ateratzeko aukeraren aurrean egotzi dute.

Jorge Crespo.
2020ko otsailaren 4a
11:50
Entzun

PSNko Eskualdeko Batzorde Exekutiboak atzo jakinarazi zuenez, Jorge Crespo PSNko herriko idazkari nagusi eta zinegotzia alderditik kanporatzea erabaki du; «behin-behinekoa» da erabaki hori, eta alderdiko zuzendaritzak berrestean izango da irmoa.

Atzo, PSNko Lizarrako afiliatuak ezohiko batzar batera deitu zituzten biharko, «Lizarrako udal politikaren egoera organikoa eta politikoa» aztertzeko.

Duela astebete piztu zen ika-mika, Diario de Noticias de Navarra egunkariak argitaratutako albiste baten harira. Egunkariak adierazi zuen Lizarrako PSN oso haserre dagoela Navarra Sumako udal ordezkariekin, aurrekontuei buruzko informaziorik ez dietelako ematen, besteak beste. Kontatu zuten Lizarrako PSNk bilera bat egin zuela bi aukeraren artean erabakitzeko: maiatzeko hauteskundeez geroztik Navarra Sumarekin duten akordioari eustea —Navarra Sumak gehiengo soilarekin gobernatzen du, baina PSNk hiru batzordetako presidentetza du—, ala Gonzalo Fuentes alkatearen aurkako zentsura mozioa «aurrera ateratzeko beharko litzatekeen akordioa aztertzea». %70ek bigarrenaren alde bozkatu zuten. Alderdiak, ordea, ohar batean esan zuen ez duela horrelakorik egingo, «inolaz ere», eta Lizarrako «herriarekin duen konpromisoa» berretsi zuen.

Crespok normal hartu zuen parte atzo PSNren Lizarrako zuzendaritzaren bileran: «Ez dut inolako komunikaziorik jaso, eta, zerbait balego, Berme Batzordean salatuko litzateke. Zerbait balego, niri jakinarazi beharko lidakete, eta pentsatzen dut defendatzeko aukera izango dudala. Baina ez ditut urratu estatutuak; beraz, lasai nago». Aitzitik, ez du asmorik zinegotzi kargua uzteko: «Sozialista izateko, ez da karnetik behar. Udalean jarraituko nuke; inork ezin nau bota».

2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ondoren, ekainaren 15ean osatu zituzten udalak Nafarroan. Lizarran, EH Bilduren legealdiaren ostean, Navarra Sumak hartu zuen alkatetza. Hura izan zen lehen indarra, zazpi zinegotzirekin. EH Bilduk sei ditu; PSNk, hiru; eta Geroa Baik, bakarra. PSNk erabaki zuen Jorge Crespo hautagaiaren alde egitea, eta, hala, modua eman zuen Navarra Sumako Gonzalo Fuentes alkate izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.