Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, PSOEk ez du autonomia erkidegoen eta ongizate estatuaren «hileta» antolatzeko asmorik, horiek indartu eta hobetzekoa baizik.
PSOEk autonomia erkidegoen inguruan egindako batzarrean hitz egin du Lopezek. Autonomien ereduari «eraso basatia» egitea leporatu dio Lopezek PPri, eta PSOEk bi printzipio «mugiezin» dituela ohartarazi du: «lurralde eredua eta ongizate estatua».
Horren aurretik, Txarli Prieto PSE-EEko Arabako idazkari nagusiak hitz egin zuen. Indar abertzaleen metaketak ez duela etorkizunik ezta ibilbiderik ere uste du Prietok. Indar metaketa horrek ez duela erakundeak gobernatzeko balio esan, eta «transbertsaltasunaren» alde azaldu da.
Borja Semper PPko Gipuzkoako buruak adierazi duenez, «Euskadi, beste behin, tentsio gune izatea» bilatzen du EAJk. Egungo egoera ekonomikoan, nortasunaren inguruko mezuak zabaltzea egotzi dio Semperrek; haren iritziz, gizartearen kezkak «beste batzuk» baitira: «Panorama hori ikusita, independentziarekin setatzen dira batzuk, eta gaiztoak on bilakatzen direla amesten dute beste batzuek», nabarmendu du.
«Euskadin», bi eredu daudela deritzo Senperrek: «Erabakitzeko eskubidearekin tematzen direnak eta lan egiteko eskubidea defendatzen dugunak».
PSOEk ez duela autonomia erkidegoen «hileta» antolatuko esan du Lopezek
«Euskadi» tentsio gune bilakatu nahi izatea leporatu dio EAJri Borja Semperrek, PPko Gipuzkoako buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu