Euskal Presoak

Puigdemontek salatu du giza eskubideen urraketak jasaten dituztela euskal presoek

Sarek zabaldu duen bideo batean, Kataluniako presidente ohiak urtarrilaren 8ko mobilizazioak babestu ditu: «Espero dut 2022an erabat normalizatuko dela Euskal Herriko egoera politiko eta soziala».

Puigdemont, Sarek argitaratu duen bideoan. BERRIA
2022ko urtarrilaren 3a
11:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare hasi da larunbatean herrietan egingo dituen mobilizazioetarako atxikimenduak biltzen eta argitaratzen. Osasun egoera dela eta, bertan behera utzi zuten Bilbon euskal presoen eskubideen alde egitekoa zuten urtarrilaren 8ko urteroko manifestazio jendetsua, eta, horren partez, herrietan egingo dituzte mobilizazioak.

Protestari bideo bidez atxikimendua erakutsi dioten lehenengoetako bat Carles Puigdemont izan da, Kataluniako presidente ohia.

Lehenik eta behin, Puigdemontek eskerrak eman ditu «batzuek ikusezin mantendu nahiko luketena ikusgarri egiteko» balio duen mobilizaziora gonbidatzeagatik: «Oinarrizko giza eskubideak urratzen zaizkie, arrazoi bategatik edo besteagatik, kalean, zigor malguagoekin edo etxetik gertu egon beharko luketen pertsonei», adierazi du Puigdemontek. «Oinarrizko giza eskubideen urraketak dira horiek, eta gizarte zintzo batek ez lituzke onartu beharko».

Jarraian, eskerrak eman dizkio Sareri. Batetik, euskal presoen egoera ikusgarri egiten duelako; eta, bestetik, «horrenbeste ahots plural» biltzeagatik «giza eskubideen aldeko» mezu baten baitan.

Aipatu du Espainian, zoritxarrez, etengabea dela errepresioa, eta horrek ez duela zerikusirik justiziarekin: «Ez du zerikusirik Europarentzat nahi dugun askatasun demokratikoarekin, herrietatik eraiki nahi dugun Europarekin».

Azkenik, behar den guztietan laguntzeko prest agertu da Puigdemont: «Espero dut 2022an erabat normalizatuko dela Euskal Herriko egoera politiko eta soziala», amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.