Puntueusek ondorioztatu du Googlek euskara baztertzen duela

Euskarak Interneten duen hedapenari buruzko datuak eman ditu Puntueus behatokiak: webguneen %14k dute edukiren bat euskaraz

Puntueus fundazioaren aurkezpena, atzo goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskarak Interneten zer-nolako egoera duen ikertzea eta .eus domeinuaren joerak aztertzea. Horixe du helburu Puntueus behatokiak. Atzo eman zuten azken ikerketaren ondorioen berri Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak eta Lorea Arakistain Puntueus fundazioko marketin zuzendariak. Urtero egiten dute ikerketa hori, baina, aurten, zenbait berrikuntza txertatu dituzte: aztertu dute Googleren bilaketa zerbitzuek euskara diskriminatzen ote duten. Eta ondorioa argia izan da: ikusi dute euskara diskriminatzen dutela, gazteleraren mesedetan, eta, hori horrela, euskarak Interneten duen ikusgaitasuna galdu duela.

Hala azaldu du Waliñok: «Euskal erabiltzaileen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die Googlek. Horrek ondorio larriak ditu, euskara baztertu, eta gazteleraz nabigatzera eramaten baititu erabiltzaileak, eta euskararen ikusgaitasuna murriztu». Orain, ikerketa sakonagoa egin asmo dute, «emaitzek euskal Interneten izan duten eragina neurtzeko eta hartu beharreko neurri zuzentzaileak aztertzeko».

Katalunian dago ikerketaren abiapuntua. Hain zuzen, Katalanaren Presentzia Digitalaren Aldeko Aliantza erakundeko koordinatzaile Albert Cuestak azaldu duenez, bilaketak egiteko orduan Googleren algoritmoak katalanaren ikusgaitasunean duen eragina aztertu dute, eta nabaritu dute 2022ko udaberritik gaztelerazko emaitzak lehenesten dituela, eta katalanez daudenak «zigortu». Hain zuzen ere, 639 webgune eleaniztun ikertu dituzte; hirutik bik katalanezko bisitak galdu dituzte.

Euskal Herriari dagokionez, ikerketa ez da hain sakona izan, baina antzeman dute «diskriminazioa». Hain zuzen ere, «Euskal Herriko termino esanguratsu batzuk» bilatu dituzte Googlen—esaterako, [Juan Mari ] Arzak eta San Mames— , eta ikusi dute Googlek katalanarekin duen jokaera bertsua daukala euskararekin ere, Waliñoren hitzetan: «Kasuen ia %60tan, lehen erantzuna gazteleraz izan da, eta, ondoren, euskaraz». Ikerketa «euskarazko testuinguru batean» egin dutela argitu du, Elgoibartik (Gipuzkoa) eta nabigatzailea euskaraz konfiguratuta. Hauxe Waliñok adierazitako ondorioa: «Arazo bat dugu. Googlek ez du ondo tratatzen euskara».

Halaber, euskarazko Wikipediaren arduradunek ere nabaritu dute Googleren algoritmoaren aldaketa. Luistxo Fernandez Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariaren esanetan, bisita kopurua gero eta handiagoa da, baina jaitsiera ikusi dute hainbat alorretan: «Iaztik, trafikoa galtzen ari gara alor jakin batzuetan. Googletik bideratutako bilaketetan dago gakoa; oso argi daukagu».

Alabaina, beste batzuetan legez, euskarak Interneten duen presentzia datuekin neurtu dute. Azaldu dutenenez, Euskal Herriko webguneen %14k daukate edukiren bat euskaraz. Kopurua handiagoa da .eus domeinua erabiltzen dutenen artean: %75ek argitaratzen dute euskarazko edukia. Alderaketa eginda: .com domeinua dutenen %8 aritzen dira euskaraz ere, eta .es domeinukoen %6. Gainera, gailuen konfigurazioari erreparatuta, duela bost urte —orduan neurtu zuten azkenengoz— Euskal Herriko gailuen %2 zeuden euskaraz konfiguratuta; orain, berriz, %4. Datua baikorragoa da erabiltzaile euskaldunen artean: %15ek dute gailua euskaraz.

Gero eta hedatuago

Halaber, zehazki begiratu diote .eus domeinuari. 2021etik 2022ra, %9ko igoera izan zuen, eta, orotara, 14.266 webgunek dute domeinu hori. Fidelizazio tasa handia dutela ere ziurtatu dute, erabiltzaileen %89k berritu baitute. Datuak «oso onak» direla ondorioztatu dute. Izan ere, orokorrean, %2,5ekoa izan da hazkunde tasa, eta %70ekoa berritze tasa.

Xeheago aletu dute domeinuaren egoera. Banaketa geografikoari dagokionez, batez ere Gipuzkoan (%41) eta Bizkaian (%34) erabiltzen dute, eta %9 Euskal Herritik kanpokoak dira. Eta tipologiari erreparatuta, nagusiki enpresa pribatuak (%40) dira erabiltzaileak. Atzetik daude hezkuntza arlokoak (%9,6); kulturakoak (%9,6); norbanakoak (%9,4); eta erakunde publikoak (%9).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.